Hitzaldia egingo dute, homosexualitatearen despenalizazioaren 40. urteurrenean
1979ko urtarrilaren 11n despenalizatu zuten homosexualitatea, eta 40. urteurrenaren harira Javi Larrauriren Testigos de un tiempo maldito dokumentala proiektatuko dute Koldo Mitxelenan. EHGAMek (Euskal Herriko Gay-Les Askapen Mugimendua) antolatuta, asteazkenean, martxoaren 13an, egingo dute jarduera, 18:30ean, eta proiekzioaz gain, Imanol Alvarez EHGAMeko sortzaileak hitzaldia egingo du.
Amets Martinez de Heredita militanteak Hala Bedi irratian azaldutakoaren arabera, 70eko hamarkadan homosexualek Ley de vagos y maleantes moduan ezagutzen zen legeari aurre egin behar zioten. Haietako askok atxilotuak izan ziren, eta Badajozeko eta Huelvako espetxeetan sartu zituzten. Ustezko “sexu jarrera pasiboa” zutenak Badajozera eramaten zituzten, eta ustezko “jarrera aktiboa” zutenak Huelvara. Espetxe horietan homosexualitatea sendatzeko terapiak erabiltzen zituztela azaldu du, hala nola, lobotomiak eta elektroshock-ak. Lesbianak “ez zirela existitzen” gaineratu du: “Existentzia eza izan zen zigorrik handiena”.Garai haietan hainbat ekintzaile antolatzen hasi ziren eta 1977. urtean Bartzelonan egin zuten lehen mobilizazioa: amnistia, LGTB taldeen legeztapena eta homosexualitatearen legeztapena eskatzen zuten.