Txofreko parkinga eraberritzeko plana onartu du udalak
Tokiko Gobernu Batzordeak Txofreko parkinga eta bere sarrerak eraberritzeko plana onartu du, 5,1 milioi euroko aurrekontuarekin. Proiektuaren helburua aparkalekuaren irisgarritasuna eta segurtasuna hobetzea da, eta hura aurrera eramateko, parkingeko 1.000 aparkalekuren jabe pribatuen onespena jaso beharko du udalak.
Egun, Txofreko aparkalekuak ez du kanpotik sartzeko igogailurik ezta arrapala irisgarririk ere. Parkingera sartzeko eta bere solairuen artean mugitzeko aukera bakarrak plazan dauden zortzi eskailerak eta ibilgailuentzako arrapalak dira. Gainera, aparkalekuak ez du suteei aurre egiteko egungo araudia betetzen, bere sorreran jasotako lizentziaren baldintzak bakarrik betetzen dituelako. Hori dela eta, parkingaren eraberritze proiektua ezinbestekotzat jo du udalak.
Aparkalekuaren 462 plaza udalarenak dira eta euren erabilera txandakakoa da, baina gainerako 1.000 plazak jabetza pribatukoak dira. Proiektuaren onespena gauzatzeko bidean, parkingaren izaera misto horrek “egoera konplexu bat” sortzen duela adierazi du Eneko Goia alkateak, baina datozen egunetan jabeekin adostasun batera heltzeko ahaleginak egingo dituztela azaldu du.
Berritze lanei dagokienez, Txofre plazaren erdialdean eraginak izango lituzketela jakinarazi du Goiak, hor oinezkoentzako bi sarrera berri kokatuko liratekeelako, aparkalekuaren aireztatze baldintzak hobetzeko burdin-sareekin batera.