Altzako XIX. Bertso Aroa hemen da
Martxoaren 22an hasiko da Altzako XIX. Bertso Aroa, Altzania kultur elkarteak, Bizarrain elkarteak eta Altzako Bertsozaleen eskutik. Nido tabernan, 22:00etan, izango da lehen saioa: Bertso marraztuak. Bi bertsolarik, Alaia Martinek eta Beñat Gaztelumendik, eta marrazkilari batek, Unai Gaztelumendik, hartuko dute parte. Alaia Martinek eta Beñat Gaztelumendik Unai Gaztelumendiren errotulagailuei jarraitu beharko diote. Antolatzaileek honako galdera bota dute: “Nork esan zuen bertsoak entzuteko soilik zirela?”.
Martxoaren 30ean, aldiz, Bertso barrikotea egingo dute Herrera Kirol Elkartean, 14:00etan. Joseba Alkiza gai jartzailearen gidaritzapean abestuko dute Uxue Alberdi eta Unai Iturriaga bertsolariek. Prezioa 15 eurokoa izango da eta izena emateko zerrendak Nido, Elizondo, Lanbroa eta Anaiak tabernetan egongo dira. Bazkarian IX. Bertso Paper lehiaketako sari banaketa egingo dute, eta honakoa izango da menua: bakailao tortila, sahieskia, gazta, intxaurrak, iragisagarra, kopa eta kafea.
Hurrengo egunean, martxoaren 31n Bertso Jaialdia egingo dute, 18:00etan Kaxkon. Gorka Segurola ibiliko da gai jartzaile lanetan, eta honakoak dira parte hartuko duten bertsolariak: Haritz Mujika, Oihana Iguaran, Eli Pagola eta Amets Arzallus.
Bertso Aroa amaitzeko, apirilaren 2an, Andoni Egañak Neretik saioa egingo du, Jon Ostolaza trikitilariarekin batera. Tomasene kultur etxean izango da, 19:30ean. “Aspaldi nuen asmoa nik idatzitako bertso-sorta batzuri osotasun bat eman eta jendaurrean aurkeztekoa”, adierazi du Egañak.
Iazko Bertso Aroan, Ez da kasualitatea saioa egin zuten, Maddalen Arzallus, Onintza Enbeitia, Oihana Iguaran eta Miren Artetxerekin.
XVIII. Altzako Bertso Aroa (2018) https://t.co/bDmmjfRBAR #Estibaus #Altza pic.twitter.com/BPoLbhxRID
— altzanet (@AltzakoHM) May 22, 2018