Erorien Haranean Donostiako hilerritik lapurtutako 124 hilkutxa daudela salatu dute
Genozidioaren Biktimen Elkarteak hilerritik ateratako hilkutxen zerrenda aurkeztu du, hildakoen izen eta abizenekin. Gorpuzkiak berreskuratzeko tramiteak egin ditzala eskatu diote udalari.
1959 eta 1963 urteen bitartean Donostiako hilerriko 124 hilkutxa Francok eraikitako Erorien Haranera eraman zirela jakin du Genozidioaren Biktimen Elkarteak. Gorpuzkien lekualdaketak senideen baimenik gabe egin ziren, diktadorearen mausoleoa betetzeko helburuarekin.
Elkarteak hildako guztien izen-abizenak jasotzen dituen zerrenda eskuratu du eta, senideekiko errespetuagatik, euren gorpuzkien berreskuratze prozesua abian jarri dezala eskatu dio Donostiako Udalari: “Senideek ez lukete hildakoen bila bueltaka ibili behar. Hilkutxak udalaren ardura ziren, eta berari dagokio horiek bueltan ekartzea”.
Tolosako Udalak bere herritar baten gorpuzkiak berreskuratzeko prozesua abian jarri duela gogoratu dute elkarteko kideek, eta Donostiako udal gobernuak gauza bera egin dezala eskatzeko, idatzi bat bidali diote Eneko Goia alkateari, hildakoen zerrendarekin batera.