Berriro legez kanpo geratzeko beldur dira kalamu elkarteak
2014tik Donostiako kalamu elkarteak arautu dituen udal-ordenantza gaitzetsi du Estatuko Auzitegi Gorenak. Mota honetako hamar elkarte inguru daude hirian, eta oso kezkatuta agertu dira epaileen erabakiarekin.
Kalamu elkarteak arautzeko ordenantza bat egin zuen estatuko lehen hiria izan zen Donostia. 2014an onartu zuen araudi berria, udal talde guztien babesarekin, eta hiriko elkarteek bere diseinuan parte hartzeko aukera izan zuten. Geroztik, bazkideen artean kalamua banatzeaz arduratzen diren klub hauek normaltasunez eta legediaren barruan garatu dute euren jarduna.
Espainiako Auzitegi Gorenak, ordea,udalak duela ia bost urte harturiko erabaki horren eskumena estatuari dagokiola ondorioztatu du orain, eta ordenantza bertan behera uzteko erabakia hartu du. Hori dela eta, nolabaiteko egonkortasun bat lortu zuten elkarte hauen baldintzak ezbaian jarri dira berriro, eta euren bazkideak berriro ere legez kanpo geratzeko beldur dira.
Hirigintzatik eginiko araudia
EH Bilduren udal gobernuak idatzitako ordenantzak hirigintzaren ikuspuntutik arautzen zituen kalamu elkarteak. Araudiaren arabera, soilik lizentziadun elkarteek zuten erabilera horretara bideraturiko lokal bat irekitzeko baimena, eta bere kokapenak baldintza zorrotz batzuk bete behar zituen.
Lehenik eta behin, elkarteen lokalak eraikinen lehen solairuan edo gorago egotea debekatu zuen, eta osasun eta hezkuntza zentroetatik 300 metroko gutxieneko distantzia batera egon behar zirela zehaztu zuen, besteak beste. Gainera, 22:00etatik aurrera itxita egoteko baldintza ezarri zien elkarteei, lokaletan adingabekoei sartzen uztea edo publizitatea egitea debekatzearekin batera.
Hala eta guztiz ere, hiriko elkarteek begi onekin ikusi zuten araudiaren onespena, euren aktibitatearen erregularizazioaren bidean aurrerapauso bat zela ulertzen zutelako.
Elkarteak, kezkaturik
Auzitegi Gorenaren epaia aztertu ostean, Eneko Goia alkateak adierazi du erabakitakoarekin bat ez datorrela. Hala ere, epaiari pisuzko helegiteak jartzeko aukerak urriak direla onartu du Goiak, bere talde juridikoak ateratako ondorioei erreferentzia eginez.
Kalamu Elkarteen Euskadiko Federazioak babesa adierazi dio Donostiako Udalari, eta auzitegiaren erabakiari erantzun legal bat aurkezteko laguntza eskaini dio. Izan ere, federazioaren ustetan, epaiak “eragin kaltegarriak” ekarriko dizkie kalamu elkarteei, eta erabaki horren atzean arrazoi politikoak daudela azpimarratu du.
IRUTXULOKO HITZAk hiriko hainbat kalamu elkarterekin hitz egiteko aukera izan du, eta guztien kasuan kezka berdinak errepikatzen direla berretsi du. Besteak beste, penagarritzat jo dute elkarteen eta udalaren adostasunetik sorturiko ordenantza bat bertan behera utzi behar izatea, eta aditzera eman dute egoera berriak legez kanpo geratzeko beldurra sortzen diela. Zentzu horretan, kalamuaren erabilera erregularizatzeko bidean, estatuak Europako korronte nagusiaren aurkako erabakia hartu duela azpimarratu dute.