'Deklaratzekorik ez' lehen nobela aurkeztu du Beñat Sarasolak
Orain arte bi poema liburu zituen argitaratuta –Kaxa huts bat (Susa, 2007) eta Alea (Susa, 2009). Hamar urteren ondoren plazaratu du estreinako eleberria.
Groseko Pandora tabernan aurkeztu du Beñat Sarasola idazle donostiarrak Deklaratzekorik ez (Susa) lehen eleberria. Harkaitz Cano idazlea izan du alboan, eta nobelaren inguruko iritzia plazaratu du. Sarasolak, berriz, hainbat aitortza eta eleberriaren nondik norakoak azaldu ditu.
“Nobela honen atzean bi traizio daude. Batetik, nire buruari esan nion 40 urte bete arte ez nuela nobelarik argitaratuko. Bestetik, erabaki nuen ez niola sekula inori aitortuko nobela bat idazten ari nintzenik. Baina ahultasun uneak izan nituenez, inguruko hainbat aitortu behar izan nien”, adierazi du Sarasolak.
Orain arte bi poema liburu zituen argitaratuta –Kaxa huts bat (Susa, 2007) eta Alea (Susa, 2009). Hamar urteren ondoren plazaratu du estreinako eleberria. “Uste baino plazer handiagoarekin idatzi dut nobela. Uste nuen idazketa prozesua nekezagoa izango zela. Gozatu dut idazten. Ez dakit ona edo txarra den, baina sentsazioa daukat egun eman dezakedan onena bildu dudala nobelan”.
Martxoaren 22ko astekarian Sarasolari egindako elkarrizketa luze eta zabala argitaratuko du IRUTXULOKO HITZAk.