Euren familia eredua legeztatzeko borrokan ari dira
Berta Garces Amabakarreko Familia Elkarteko kideak dira Maider Otegi, Izaskun Ruiz de Gauna eta Nere Pagola. Ama bakar izatea erabaki zuten, eta euren familia eredua legeztatzeko borrokan dabiltza buru-belarri.
Guraso bakarreko familien %82tan emakumea da familiaburua. Ama bakarrak dira Maider Otegi, Izaskun Ruiz de Gauna eta Nere Pagola, eta hirurak dira Berta Garces (BG) Amabakarreko Familia Elkarteko kideak. Urteak daramatzate euren familia ereduaren aitortzaren alde borrokan, eta elkarteak Euskal Herrian eragitea bilatzen duen arren, azkenaldian Donostian eragiteko indarra egiten ari direla azaldu dute. «2010ean ama izan nintzen eta garai hartan banekien ama bakarren elkarte bat bazegoela hirian», azaldu du Pagolak. Behin eta berriz deika ibili zela gaineratu du, baina jada desagertua zegoen Donostian eta Tolosaldean lan egiten zuen elkartea. «Egun batean protesta txiki bat egin genuen Donostiako Kirol Patronatuaren aurrean eta sarreran zegoen neskak gauza berak aldarrikatzen ari zen emakume baten berri eman zidan», esan du Pagolak. Urte pare bat beranduago, BG Ama Bakarreko Familien Elkarteko Nazaret Rosado gasteiztarra ezagutu eta buru-belarri sartu ziren elkartean. Estatuan aldarrikapen berdintsuak dituzten elkarteak daudela azaldu du Otegik, baina lurralde bakoitzean testuingurua «oso desberdina» dela gehitu du. «Valentzian, Katalunian eta Kantabrian, adibidez, zertxobait aldatu dira gauzak, baina hemen ez», baieztatu du Pagolak.
Ama bakarreko familiek gainerako familiek duten errealitate oso desberdina dute, eta hirurek jakinarazi dute euren aldarrikapen nagusia: «Gaur egungo legeriak ez du gure familia eredua kontuan hartzen, eta egitura gisa ez existitzeak diskriminazio ugari eragiten dizkigu». «Ez dugu gure borroka biktimismotik egiten, emakume ausartak gara, eta gure erabakia modu librean hartu dugu», aldarrikatu du Otegik. Euren familia eredua legeztatzeak egoera «nabarmen» aldatuko lukeela aitortu du Ruiz de Gaunak, eta aitortza euren eskubide bat dela gaineratu du: «Europako estatu gehienetan jaiotza-tasa kezka garrantzitsua da, eta kontuan hartuta guk horretan laguntzen dugula, gure familia eredua kontuan hartu eta babestu beharko lukete erakundeek». Egoera injustuan daudela azpimarratu dute, gainerako familien betebehar berak dituztelako, adibidez, zergen ordainketak. Aldiz, ez dituzte horiek dituzten aitortza eta erraztasunak. «Familia aurrera ateratzeko lan egin behar dugu, eta zaintzarako ordutegi eta soldata murrizketa eskatzen badugu, ezinezkoa egiten zaigu gastuei aurre egitea. Gainera, kotizazioan eta pentsioetan eragin zuzena du epe luzean», salatu du Ruiz de Gaunak.
Nabarmendu duten beste zailtasunetako bat zaintza sareekin lotura du. Haurren opor egunak helduenak baino gehiago direla kontatu dute, eta gurasobakarrek zailtasun handiak izaten dituzte egoera horiek kudeatzeko, normalean, bi guraso dituzten familiek zaintza sare zabalagoa izaten dutelako, aitona-amon gehiago, esaterako. «Gainera, aisialdirako jardueretan izena emateko ez digute laguntzarik ematen, gure familia eredua ez dagoelako aitortua. Aldiz, beste familia eredu batzuek jasotzen dituzte», kritikatu du Pagolak.
Tokiko erakundeei eskaerak
Donostiako elkarteko kideak hilabetean behin elkartzen saiatzen dira, eta egitura juridikoa badute. Hala ere, askotan «ezin iritsi» ibiltzen direla azaldu dute. Euskal Herriko elkarteko parte izan arren, Donostian indarra egiten ari dira. Otegik onartu du estatuko legedian aldaketak eginez gero, udal-herrian aldaketa nabarmena izango litzatekeela: «Gure egoera babestu eta gure ongizatea bermatzen duen lege bat sortzen badute, udal-herrian izango ditugun onurak nabarmenak izango dira». Hala ere, gaineratu dute horrek ez dituela hemengo erakundeak erantzukizunetatik salbuesten.
«Tokiko erakundeei ere ardura eskatzen diegu, haien eragin esparruan badutelako zeresanik», esan du Otegik. Donostiako Udalari, eskumena duen egituretan esku-hartzeko eskatu diote behin baino gehiagotan, esaterako, Udal Musika eta Dantza Eskola, eta Kirol Patronatuan. Pagolak azaldu du nola, zortzi urteko borrokaren ostean, lortu duten Kirol Patronatuan gurasobakarreko familientzat kuota berezitu bat sortzea. 2016an bildu ziren lehen aldiz Martin Ibabe Kiroletako eta Gazteriako, Herri Segurtasuneko eta Herri Babeseko zinegotziarekin, eta hainbat neurri «urriren» ondoren, aurten lehen aldiz izan dute aukera tarifa berezitu bat ordaintzeko. Hala ere, hirurek adierazi dute ez daudela konforme, izan ere, multzo berean sartu dituzte gurasobakarren familiak eta alargunak. «Uste dugu denok dugula eskubidea gure egoeraren araberako kuota berezituak izateko, baina bi egitura eta bi errealitate desberdin dira, eta hortaz, bereizita egon beharko lirateke», aldarrikatu du Ruiz de Gaunak.
Ama bakarren borroka ez da gai berria, baina, oraindik, oso atzeratuta daudela kritikatu du Pagolak: «Gure aurretik seme-alabak bakarrik hezi dituzten emakumeak guztiz baztertuak, zigortuak eta estigmatizatuak izan dira, eta gure desberdintasuna da guk libreki erabaki dugula bikotekiderik gabe ama izatea». Hala ere, aldatzeko «gauza asko» daudela aldarrikatu du.
Ruiz de Gaunak gako gisa definitu du ama bakarren familien ikusgarritasuna: «Gure familia eredua legeztatzea oso garrantzitsua da, baina erakundeek gure existentzia ikusgarri egiteko konpromisoak hartu behar dituzte, horrek dena erraztuko duelako».
«Beste borroka ikusgarriago batzuk zulotik ateratzen dira, esaterako homosexualitatea, eta gu gogotsu gaude gure aldarrikapenak ikusgarri egiteko». Homosexualen kolektiboaren ibilbideari erreferentzia egin diote, eta kontatu dute nola haien zapalkuntzaren legeztatzeak euren egoera hobetu duen.