"Oraindik ez gara elkarrekin zuzenean aritu, baina egingo dugu"
Garrantzitsua da erreferente bat topatzea. Sara Zozayarentzat (Amara, 1995) berezia izan zen Elena Setien (Amara, 1977) zuzenean ikustea. Musikagintza modernoaren ateak ireki zizkion Zozayari. Aldiz, Donostiatik kanpo bilatu zuen Setienek sormenaren askatasuna. Biak hirian bizi dira egun, eta kantu berriak plazaratu dituzte. Lehen laburra atera du Zozayak, eta Setienek hirugarren diskoa.
Noiz izan zenuten, lehen aldiz, elkarren berri?
Sara Zozaya (S.Z.): Nik nire bertsioa kontatuko dut. Nire aitak gitarra klaseak hartzen zituen, eta bere irakaslea Maite izeneko emakume bat zen. Maitek Elena izeneko alaba zuen. Txikia nintzela, Trintxerpera joan ginen Elena Setienen kontzertu batera, eta harrituta geratu nintzen. Musikarekiko nuen ikuspegia zeharo ireki zitzaidan. 12 urte nituela, nire abesti propioak konposatzen hasi nintzen, eta argi izan nuen Elenak entzutea nahi nuela. Horrela, aitaren bidez nire lehen grabazioa berarengana iristea lortu nuen. Ondoren, eskutitz bat idatzi zidan artista batzuk gomendatzeko. Bere erreferenteen berri eman zidan. Abiapuntua izan zen niretzat.
Elena Setien (E.S.): Nire txanda da orain. Kopenhagen (Danimarka) bizi nintzen Sararen berri izan nuenean. Ama etorri zen bisitan eta neska gazte baten grabazioa eman zidan. Simon bere ikasle jatorraren alaba ere musikaria zela esan zidan, eta bere abestiak entzun behar nituela. Gazte hark asko transmititzen zuela konturatu nintzen haren ahotsa entzun orduko. Arimadun sortzailea iruditu zitzaidan.
Hain zuzen ere, 18 urterekin Donostiatik ateratzea erabaki zenuen. Zergatik?
E.S.: Aldaketa bat behar nuen, urteetan musika klasikoa landu ondoren. Biolin klasikoaren ikasketak egin nituen, eta harrapatuta sentitu nintzen. Bartzelonan musika modernoa lantzen hasi nintzen, baina batez ere, Kopenhagen topatu nuen sortzeko askatasuna. Hemen zailagoa da, gehiago neurtzen da dena. Egia esan, Kopenhagera maitasunarengatik joan nintzen. Musikalki ere herrialde aberatsa da. Jazzaren historian Danimarkako hiriburua garrantzitsua da. Hango musikariek gustuko dute esperimentatu, jolastu eta aberastea. Musikari on asko daude han, askotariko estiloetan. Blues, jazz, pop eta rock sortzaile apartak daude. Hemen ez dugu askatasunerako aukera askorik. Kopenhageko esperientzia, aldiz, oso aberasgarria izan da niretzako.
Sara, zu ere gazte hasi zinen musikan. Zenbat urterekin?
S.Z.: Akordeoi ikasketekin 8 urte nituenean hasi nintzen. Kantu propioak idazten, ordea, 12 urterekin. Urte asko eman nituen etxean sortzen kalera eta jendaurrera iritsi arte. The Roof izan zen nire lehen zuzeneko esperientzia. Uste dut 17 urte nituela.
Orain hasi zara zure musika Donostiatik kanpo erakusten, ezta?
S.Z.: Horrela da, bai. Egia esan, kanpora joateko gogoa dut. Kanpoan guztiz arrotza zarenez jendeak ez du zure inguruko aurreiritzirik. Artearekin lortzen dituzun harremanak aberasgarriagoak dira. Hemen, beste modu batera entzuten eta begiratzen zaituzte. Kanpora joateko asmoa buruan daukat.
Elena, musikari gisara ibilbide luzea daramazu. Baduzu aholku berezirik Sararentzako?
E.S.: Bide bakoitza desberdina da. Berak bere adinean duena ez nuen nik izan. Duguna preziatu behar dugu. Sara hemengo kulturan eta mugimenduan sartua dago, euskal musikan bere lekutxoa egin du. Musikarien belaunaldi berri bat dagoela ikusten dut. Baina ulertzen dut berak kanpora atera nahi izatea. Ondo dator kanpora bizitzera joatea. Esperientzia aberasgarria dela uste dut.
S.Z.: Esan bezala, pentsatu dut hemendik ateratzea, baina hemen burbuila batean bezala bizi naiz. Entsegu lokala dut Tabakaleran, eta aukera hori aprobetxatu nahi dut irauten duen bitartean. Ondoren, zer? Galdera eta zalantza horrekin bizi naiz.
E.S.: Sortzaile naizen aldetik, zure erosotasunetik atera eta esperientzia berriak izatea ona dela uste dut. Adibidez, interesgarria da hiri handiren batean bizitzea. Hiriko musikariekin elkartzeak merezi du.
Bakarlari gisa biek pianoa jo eta abesten duzue. Nolakoa da zuen sormen prozesua?
E.S.: Azkenaldian asko pentsatu dut horren inguruan. Oraintxe atera dut lan berria eta hurrengoari begira nago. Erronka bat jarri nahi diot neure buruari. Urteak daramatzat pianoarekin konposatzen. Niretzako erosoa da, txikitatik sortu dut pianoarekin, baina erronka berri bat daukat. Proiektu bat gitarrarekin. Joseba Irazokirekin elkartzeko asmoa dut saiakera bat egiteko. Zerbait oso desberdina egin nahi dut. Irazoki sortzaile aproposa da horretarako. Musikari aparta izateaz gain, nahi duena egin dezake. Edozein estilo jo dezake. Berarekin batera sor dezakedana ikusi nahi dut.
S.Z.: Bitxia bada ere, aurreko batean nire sormenaren inguruan hausnartu nuen entsegu lokalean. Askotan paralisi egoera batera iristen naiz. Halere, ez da sormen gaitasunik ez dudalako. Sortze prozesuan zalantzak sortzen zaizkit. Normalean melodiak burura etortzen zaizkit, eta gitarra hartuta naturalki sortzen zaizkit ideia zein egiturak. Horiek mugikorrarekin gordetzen ditut, eta denbora bat pasata erabakitzen dut ideia horiek merezi duten.
Sortu ez ezik, gainerakoen musika ere entzungo duzue. Zer iruditu zaizu Elenaren diskoa?
S.Z.: Gustatu zait, eta aldaketa bat dagoela iruditzen. Bere esentzia mantendu arren, eboluzio moduko bat dago. Lan berri honekin beste eremu batzuetara iristeko aukera duela uste dut. Entzulearengana iristeko bide bat topatu du, eta baliteke musika zale gehiagok entzutea.
Elena, zu gustura zaude zure bakarkako hirugarren diskoarekin?
E.S.: Bai, berezia delako. Prozesuaren erdian aita zendu zen. Disko sentitua da, barrura begirakoa, lasaiagoa. Oso gustura nago kantuekin. Lehen aldia da konturatu naizela nire kantuek balio dutela. Egia esan, nik eman diet balio gehiago eta entzuleengana iritsi dira. Oso pozik nago.
S.Z.: Horregatik diot jendeak gustura hartu dituela zure kantu berriak. Entzungarriagoa da, nolabait.
Eta zuri, Elena, zer iruditu zaizu Sararen bakarkako lehen lan laburra?
E.S.: Entzun dut, baina ez nahi bezainbeste. Guraso izateak bere mugak ditu. Denbora gehiago eskaini nahi diot. Halere, aurreratu dezaket gustatu zaidala. Polita da, bere ahotsa bereizgarria da, oso pertsonala. Entzun orduko bere ahotsa dela nabaritzen duzu.
Sara, zuretzako nolakoa izan da lehen lana argitaratzea?
S.Z.: Nahiko gaizki pasa dut prozesuarekin. Ez sormenean, baina bai ekoizpenean. Orain arte sekula egin ez dudan lana da. Ez nion neure buruari entzuten. Ahots asko nituen inguruan esaten zidatenak zer egin eta nola egin. Baina erabaki nuen soilik neure buruari entzutea. Horri buruz Elenarekin hitz egiteko aukera izan nuen.
E.S.: Gogoan dut jende asko zuela bere inguruan. Benetan txalotzekoa da bere adinean erabaki izana berarentzako egokiena dena egitea. Miresgarria da hori.
S.Z.: Ezezkoa eman behar izan diot eskura nuen ekoizle on bati. Baina erabaki zuzena hartu dut, eta ondo lo egiten dut.
E.S.: Niri ez zidaten esaten nola egin behar nituen gauzak. Babestuagoa egon nintzen Kopenhageko musika eskolan. Hemen musika modernoa jorratzen dutenek, industriaren eremuan sartzeko joera dute. Zugan produktu potentzial bat ikusten dutenez, jendeak moldatu nahi zaitu. Baina artistaren askatasuna da garrantzitsuena. Zuk zure bidea topatu behar duzu.
S.Z.: Gaur egungo gazte musikarietan, berehalakotasun bat dago. Arrakastari lotua dago eta ez sormenari. Garrantzitsua da pixkanaka egitea bidea, eta ez lehen unetik arrakastaren bila joatea.
Pop doinuak jorratzen dituzue, askotariko musika gustuko baduzue ere. Etiketez harago, zeintzuk dira zuen musika erreferentziak?
E.S.: Ni hasiko naiz. Bob Dylan, Joni Mitchell, Bridget St John eta Judee Sill. Letra poetiko bezain ederrak dituzte. Gurera etorrita, Maite Larburu aipatu nahi nuke. Txikitatik ezagutzen dut, elkarrekin jotzen genuen biolina.
S.Z.: Nik, berriz, lau aipatuko ditut. Emma Ruth Rundle da nire egungo erreferente garrantzitsuenetakoa. Julien Baker, Miren Narbaiza eta Maybeshewill ere oso gustuko ditut.
Donostia da egun zuen sormenaren epizentroa. Nola ikusten duzue hiria?
S.Z.: Azken urteetan bidaia ugari egin ditut. Asian, AEBetan eta Eskandinavian egon naiz, eta itzuli naizen bakoitzean konturatu naiz zein garrantzitsua den niretzako Donostia. Maite dut gure hiria. Pertsonalki lasaitasuna ematen dit.
E.S.: Ados nago. Duela gutxi bi aste pasa ditut Eskandinavian bidaiatzen. Itzultzean konturatzen zara zein ondo bizi garen hemen. Klima eta bizitza ona dugu. Martxoan zurito bat kalean hartu ahal izatea pribilegioa da. Nire Danimarkako lagunek nahiko lukete. Maiz ez dugu baloratzen hemen duguna.
Hiriak ba al du gustuko ez duzuen zerbait?
E.S.: Ba begira, Donostiaren ondare arkitektonikoa etengabe moldatzen ari dira. Ebakuntza estetikoak egiten ari dira hiriak dituen zimurrak kentzeko. Baina horrela, hiria bere esentzia galtzen ari da. Donostiar asko triste daude gertatzen ari denarekin. Boteretsu batzuen esku dago hiriaren aldaketa etengabea, eta ezin dugu makina hori gelditu. Arimarik gabeko makina da.
S.Z.: Nik ere antzera ikusten dut, baina beste ikuspegi batetik. Gazte donostiar bat naiz, eta hiria ez zait eskuragarria iruditzen. Etorkizunean hemen bizitzea gustatuko litzaidake, baina gero eta zailagoa da.
E.S.: Turismoaren gaia ere aipatzekoa da. Duela urtebete bikote estatubatuar batekin topo egin nuen etxe ondoko denda batean. Zer ikus zezaketen galdetu zidaten, eta nik esan nien pena ematen zidala Amara auzoa erakusteak. Asko aldatu da, eta zuen esentzia galdu du. Erakartzen ari garen turismoak ondorioak izan ditzake. 50 urte barru arimarik gabeko hiri turistiko batean bihur daiteke Donostia.
Kulturaren ikuspegitik nola ikusten duzue hiria?
S.Z.: Galdera hau askotan egin didate azkenaldian. Jarduera asko daude Donostian, gero eta gehiago. Dabadaba bihurtu da kulturaren erdigune hirian.
E.S.: Nire ustez Kultur Hiriburutzak oso iragankorrak dira, eta hiriari ez dio ekarpen berezirik egin. Donostiako aisialdi garrantzitsuena pintxopotea da. Pentsa, interesgarria iruditzen zait musikaren kultura gastronomiarekin lotzea. Nire inguruko hainbatek, ikasketa onekoek, entzuten duten musika McDonald’s erakoa dela diot. Adibidez, Danimarkan psikologia ikasi duen katedradun batek autoan ez du reggaetoia entzuten. Hedabideetan, tabernetan eta dendetan etengabe jartzen diguten musika janari lasterraren parekoa da.
S.Z.: Bada beste gauza bat ere ikusten dudana. Donostiako musikazale asko gustuko duten estilo jakinaren kontzertuetara soilik joaten dira. Oso erraza da identifikatzea bakoitza zertara doan. Kultura kontsumitzera baino gehiago, jendea harremanak egitera joaten dela esango nuke.
Donostian ezagunak zaretela uste duzue?
E.S.: Oso gutxi, egia esan. Uste dut musikazale fidelak direnek agian ezagutzen gaituztela. Donostian Mikel Erentxun eta Alex Ubago dira ezagunak. Gu, berriz, underground mailakoak gara. Guk jorratzen dugun musikaren zaleek ezagutuko gaituzte, baina beste maila batean.
S.Z.: Ez dakit. Azken batean, hiriko musikaren giroan aritzen garen gehienok ezagutzen dugu elkar. Burbuila horretatik kanpo, ez gara ezagunak.
Agertokia konpartitu duzue?
S.Z.: Bai, Kutxa Kultur Kluba aretoan izan zen pasa den urteko urrian. Musikari gonbidatu gisara aritu nintzen Elenaren aurretik. Ez ginen elkarrekin aritu zuzenean, baina berezia izan zen niretzako.
E.S.: Oraindik ez gara elkarrekin aritu, baina seguru egingo dugula.
Elena, disko berriaren kontzertu bira egingo duzu laster. Prest zaude?
E.S.: Bai, gogotsu nago. Kontzertu garrantzitsuak izango ditut. Apirilean Europan egingo dut bira Ryley Walker musikariarekin. Maiatzaren 19an Donostiako Dabadaban ariko naiz, eta hilabete berean Primavera Sound jaialdian parte hartuko dut.
Sara, eta zuk bakarlari gisa zein asmo dituzu?
S.Z.: Gauzak lasai egin nahi ditut, eta eskaini nahi ditudan kontzertuak aukeratu. Bakarlari gisara martxoaren 24an ariko naiz Marruma Kulturalak programaren barruan. Bakarka ez ezik, Nerabe taldearekin ariko naiz zuzenean. Bakarlari gisa autogestioaren alde egitea erabaki dut, eta bide horretatik hazi eta ikasi nahi dut. Aurten beste lan bat argitaratu nahi dut.