'Sherezade eta tipularen azalak' antzezlanak lortu du Donostia Antzerkia Saria
Vaiven Producciones konpainiaren Sherezade eta tipularen azalak obra saritu dute Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak eta Donostia Kulturak. 12.000 euro jasoko dituzte eta Andre Nagel artistaren artelana. 2018an helduentzako antzerki profesional batek Donostian euskaraz eskainitako antzezlan onena izan da. Antzerki taldearen bigarren Donostia Antzerki Saria da; 2002. urtean ere irabazi baitzuen Lotsa gabe lanarekin.
Saria emateko ekitaldia martxoaren 27an izango da, Antzerkiaren Nazioarteko Egunean, 19:30ean, Viktoria Eugenia Antzokian. Aitziber Garmendia aktoreak zuzenduko du ekitaldia. Ondoren, Axut! konpainiaren Zazpi Senideko antzezlana eskainiko da, bigarren sailkatu den lana. Ohikoa izaten da irabazlearen antzezlana taularatzea, baina Ana Pimenta Vaiven-eko kideak esan duenez, bukatutzat eman dute ekoizpena, eta ezin izan dute berreskuratu ekitaldirako.
Iaz helduentzako 16 antzezlan eta 45 emanaldi eskaini ziren, eta guztira 7.544 ikusle izan ziren emanaldi horietan. Taularatu zirenetatik, 12 lanek betetzen zituzten Donostia Antzerki Sariaren baldintzak. Batez ere, bi dira baldintza horiek; euskarazkoa izatea eta Donostian estreinatzea.