Donostiak hazten jarraitzeko bermea izango dela agindu du Ernesto Gascok
PSE-EEren Donostiako alkategaiak udal hauteskundeetarako zerrenda “irabazlea eta transbertsala” aurkeztu du gaur Viktoria Eugenia Antzokian. “Arriskurik gabe eta abentura soberanistarik gabe”, Donostiak hazten jarraitzeko bermea izango dela agindu du Ernesto Gascok.
Duela lau urte hasi zuen bere ibilbidea Donostiako alkategai gisa. 2015eko hauteskundeak irabaztear izan zirela, eta aurtengoan orduan lortu ezin izan zutena, errealitate bat izango dela ziurtatu du. Argi dauka bere hautagaien zerrenda “irabazlea” dela.
Alderdi batzuek harresiak jarri nahi dituzten arren, eurek harresi horiek bota eta elkarlana sustatu nahi dutela adierazi du: “Guztiekin lan egin nahi dugu, elkarrekin lan egin nahi dugu, gauzak onerako aldatzeko. 1863an bezala, hiriaren harresiak bota zirenean, hazteko eta konpartitzeko beharra zutelako. Hori da nire Donostia”.
PSE-EEren zerrendako hautagaiekin batera izan da Viktoria Eugenia Antzokiko aurkezpenean. Hauek dira alderdi sozialistaren zerrenda honatuko dutenak: Marisol Garmendia, Enrique Ramos, Duñike Agirrezabalaga, Miguel Angel Diaz, Cristina Lage, Harkaitz Millan, Ane Oiarbide, Ander Iturri, Maria Luisa Garcia, Iker Sainz de Gabiña, Ana Bravo, Juan Carlos Lopez, Monica Pedreira, Felipe Juaristi, Maite Sanchez, Jose Varela, Begoña Palos, Alfonso Gurpegi, Sandra Ahedo, Ramiro Tomas, Arantxa Lopez, Jesus Egiguren, Carmen Ibarluzea, Ramon Jauregi, Barbara Duhrkop eta Odon Elorza.
Azpimarratu du bere zerrenda “donostiarra eta transbertsala” dela, eta hiriko sentsibilitate asko biltzen dituela.
Legealdi honetan egindako lanaz harro daudela esan du Gascok, eta beste alkate progresista bat izateko momentua iritsi dela, Donostiak berriz ere modernitatearen eta progresoaren bidetik hazten jarrai dezan”.