Protesta egiteagatik jasaten ari den jazarpena salatu du Bizitza Da Handienak
Iazko Borroka Sozialen Astean eginiko protestengatik jazarpen poliziala jasaten ari dela salatu du Bizitza Da Handienak (BDH) ohar baten bidez. 60 eragile sozial baino gehiago biltzen dituen herri mugimenduak protesta sozialerako astea antolatu zuen maiatzean, eta egitasmo horren baitan eginiko ekimenak orain isunen eta sententzia penalen bidez zigortu nahi dituztela adierazi dute bere kideek.
Jazarpen horren adibiderik gertukoena asteazken honetan Donostiako epaitegian emango dela gogorarazi dute. Izan ere, egun horretan, Lander Arbelaitz Argiako kazetariak epailearen aurrean deklaratu beharko du, Borroka Sozialen Astean Ertzaintzak eginiko hizkuntza eskubideen urraketa baten berri emateagatik. BDH-k babes osoa adierazi die Argiari eta kazetari donostiarrari, eta orain arte jasandako gainerako “erasoak” ekarri ditu gogora.
Iaz egin genuen Borroka Sozialen Asteak albisteak ematen jarraitzen du, eta azken asteetan hainbat gauza gertatu dira.
— Bizitza Da Handiena! (@bizitzahandiena) March 18, 2019
HARI HONETAN LABURPEN AZKARRA. pic.twitter.com/Dl8kFcxJwB
Turismoaren Mundu Erakundeak Tabakaleran eginiko goi-bileraren egunean jazotako atxiloketei erreferentzia eginez, BDH-k jakinarazi du bi atxilotuetako baten aurkako karguak erretiratu egin dituztela, baina besteari oraindik autoritateari egindako atentatua egozten diotela salatu du. Leporatzen diotena “erabat neurriz kanpokoa” dela azpimarratu dute mugimenduko kideek, “bideoetan oso garbi ikusten denez, eraso egin zuena Ertzaintza izan zelako, eta pertsona hau lurrean zegoela atxilotu zutelako”.
Gainera, atxiloketa horiek salatzeko hurrengo egunean eginiko prentsa agerraldia dela eta, Ertzaintzak 150 euroko isuna jarri ziela gogoratu dute. BDH-k isuna ez ordaintzeko erabakia hartu zuen eta, geroztik, enbargo prozedura martxan jarri dute bere kideetako baten aurka. Horrekin batera, Borroka Sozialen Astean eginiko ekitaldian Ernaiko bi kideri ezarritako 600 euroko isunak ere aipatu nahi izan dituzte.
Idiakez kaleko eraikinaren okupazioaren harira ondorio legalak jasaten ari direla nabarmendu dute ere. Protestek iraun zuten egunetan zehar, herritarrek Espainiako Enplegu Ministerioaren zortzi solairuko eraikin publiko bat okupatu zuten, eta hori dela eta, bi lagun auzipetu zituzten. Bietako bat hasieratik abokatu gisa identifikatu zen poliziaren aurrean, eta bere aurkako karguak auzitik kendu dituzte azkenean. Beste kidea, aldiz, epaitegira joan beharko da maiatzaren 14an, eta BDH bere aurkako karguak ere erretira ditzatela eskatu du: “Hamabi urtez hutsik egon den eraikin publiko bati erabilera publiko bat emateagatik zigortu nahi dute”.
Jasandako zigorren atzean mugimenduko kideen gogo eta indarrak murrizteko helburu garbia dagoela azpimarratu dute BDH-ko kideek, eta, erasoak eraso, “zutik, borrokan eta irribarrez” jarraituko dutela zehaztu dute: “Ahotsa altxatzeagatik epaitu nahi gaituzue, baina ez gara sekulan isilduko”.