Elkarrekin Podemos gisa aurkeztuko dira udal eta foru hauteskundeetan
Akordioa sinatu dute Podemos-Ahal Dugu, Ezker Anitza-IU eta Equo Berdeak alderdiek, eta Elkarrekin Podemos gisara aurkeztuko dira maiatzaren 26ko udal eta foru hauteskundeetara.
Donostian ere hiru alderdiek hautagaitza bateratua aurkeztuko dute. Gaur egungo, Irabazi Donostia koalizioaren –bi zinegotzi dituzte– lekua hartuko luke marka berriak. Donostiako Podemos alderdiaren alkategaia Aitzole Araneta izango da, eta argitzeko dago koalizioaren zerrendaburua ere izango den.
“Indartsuagoak, esanguratsuagoak eta irmoagoak izango gara etapa berri honetan. Agertoki euskaldun, ezkertiar eta beharrezko baten alde ari gara lanean. Azken hiru urteotan erakutsi dugu euskal herritarron aniztasuna inork ez bezala islatzen dugula”, nabarmendu du Lander Martinezek, Ahal Duguko idazkari nagusiak.
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru hauteskundeetan, Ahal Duguko hautagaiak izango dira zerrendaburu ia kasu guztietan. Udal hauteskundeetan, berriz, hautagaitza bateratuak aurkeztuko dituzte, eta horien berri datozen egunetan emango dute.
Apirilaren 28ko Espainiako hauteskunde orokorretara ere Elkarrekin Podemos izenarekin aurkeztuko dira. “Koalizio honek etorkizun luzea dauka”, adierazi du Martinezek.