Bretxako baserritarrak lekuz aldatu dituzte
Bretxako merkatuko baserritarrek agur esan diote San Juan kaleko estalpeari. Astelehenean lekualdatu zituzten tokiko produktuen hamalau postuak, Arrandegia eraikinaren aurrean kokatu duten karpa batzuetara. Baserritarrak San Juan kalean egon dira 2000. urtean merkatu zaharra eraldatu zutenetik, eta jakinarazi dutenez bost hilabete emango dituzte behin-behineko kokalekuan, merkatuaren eraberritze lanek behin-betiko tokira lekualdatzeko aukera ematen duten arte, hain zuzen.
Joan den urrian Donostiako Udalbatzak aho batez onartu zuen Bretxa eta ingurua berritzeko plan berezia, eta horren arabera, San Juan kaletik Arkoak eraikinaren hegoaldeko aurrealdera pasako dituzte baserritarren postuak. Bien bitartean, ekoizleek Arrandegia eraikina eta Bretxako plazaren erdiko eraikinaren artean kokatu dituzten karpetan egin beharko dute euren jarduna datozen hilabeteetan.
IRUTXULOKO HITZAk Bretxako baserritarrekin hitz egin du, aldaketak nola eragin dien jakiteko. Ostiraleko astekarian egongo da irakurgai erreportaje osoa.