Udalak Parte Zaharrean Biziri eskaini dio Kanpandegi kaleko eraikin okupatuaren kudeaketa
Donostiako Udalak Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteari eskaini dio Parte Zaharreko Kanpandegi kaleko eraikin okupatuaren kudeaketa. Horrela jakinarazi dio udalak IRUTXULOKO HITZAri. Eraikinean adineko pertsonentzako apartamentuak egitea aurreikusten du udalak, baina proiektua gauzatu bitartean, eraikinaren kudeaketa bere gain hartzeko proposatu zion auzo elkarteari duela hilabete izandako bilera batean.
Tokiko Gobernu Batzordeak gaur adostu du Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari eskatzea Kanpandegi kaleko 2 eta 4 zenbakietako eraikina beste zerbitzu eta helburu batzuetarako erabiltzeko administrazio-baimena.
Udalak jakinarazi duenez, oraindik ez dira akordio batera iritsi, izan ere, auzo elkarteak oraindik ez du erantzunik eman. Era berean, azaldu dute baiezkoa emango balute, lagapenaren baldintzen inguruan hitz egiteari ekingo diotela. Gogoratu dute hirian badaudela antzeko kasuak, esaterako, Antiguako Txantxarreka gaztetxearen kasua. Udalak eta gaztetxearen kudeatzaileek hitzarmena sinatu zuten, eta han ezarri zituzten lagapenaren ezaugarriak. “Antzeko eskema bat planteatuko litzateke”, gaineratu dute. Lagapenaren inguruko iraupena ere ez dute zehaztu, “horrelako proiektuak konplexuak dira eta tramitazio konplexua” eskatzen dutela argudiatuta, eta gaineratu dute zaila izaten dela epe zehatzak zehaztea.
Kanpandegi eraikineko Kijera gaztetxearen desalojoaren inguruan adierazi dute “oraindik ez direla estadio horretara iritsi”, eta auzo elkartearen erantzunaren zain daudela.