Aranzadiren egoitza Ulia-Ategorrietako parkean jartzeko asmoa berretsi du udal gobernuak
Aranzadi Zientzia Elkartearen egoitza Ulia-Ategorrietako parkean eraikitzeko proposamenari eusten dio udal gobernuak. Martxoko udalbatzarrean proposamena baztertzeko eskatu du PPren udal taldeak, eta bat egin dute oposizioko beste bi alderdiek ere; EH Bilduk eta Irabazi-Donostiak.
“Asmo hori bertan behera uzteko eskatzen diogu alkateari. Aranzadik egoitza bat behar du, baina ez litzateke aipaturiko partzelan sartuko. Era berean, Donostian parkearen inguruko kontsulta bat egin beharko litzateke”, esan du Miren Albistur PPko bozeramaileak.
Udalak 25 urte luze daramatza parkeko partzelaren inguruko eztabaidarekin. Udal gobernuak gazteentzako etxebizitzak egitea proposatu zuen legealdi hasieran, baina epaitegiek bertan behera utzi zuten aukera hori. Azken hilabeteetan, berriz, Aranzadiren egoitza parkean kokatzearen alde agertu dira EAJren eta PSE-EEren udal taldeak. “Aranzadi erdigunean jarri duzue partzela horretan eskua sartzeko. Legealdia bukatzear da eta zuen nahia ez duzue aurrera eraman. Mesedez eskatzen dizuegu parkearekin zer egin erabakitzeko denbora pixka bat gehiago hartzea”.
Eusko Jaurlaritzak ur biltegiak eta inguruko elementuak babesteko espedientea abiatu duela azpimarratu du Ricardo Burutaran EH Bilduko zinegotziak; “Babes hori kaltetu dezake zuen proposamenak. Gainera, udalak baditu partzelak eskaintzeko. Parkean kokatzeko beharrik ez dago”. Dena dela, Aranzadiren egoitza partzelaren eremu horretan jartzea egokia iruditzen zaio udal gobernuari. “Nire ustez leku aproposa da, baina ez zaizue gustatzen Ategorrietan jartzea”, esan du Ernesto Gasco sozialistak.
Ildo beretik, bi gauza argitu ditu Eneko Goia alkateak. “Partzelak bi gune ditu. Bata da parkea eta bestea ur biltegiak dauden eremua. Guk ez dugu Lore Baratzen proiektuaren gunea eraldatu nahi. Aldiz, egokia iruditzen zaigu biltegien balioa indartzeko Aranzadiren egoitza han jartzea”. Lantzen ari diren proiektuak “merezi” duela gaineratu du Goiak. “Museoko objektu hutsean ez ditugu utzi nahi biltegiak”.