Lekuz aldatu dituzte Bretxako baserritarren postuak

Hasi dira Bretxa eta ingurua berritzeko lanak, eta horien eraginez, San Juan kaleko baserritarrak lekuz aldatu zituzten joan den astelehenean. Baserritarrek ez dute begi onez ikusi aldaketa.

Arrandegi eraikinaren aurrealdera lekualdatu dituzte San Juan kaleko baserritarren postuak. (Argazkia: Irati Salsamendi) Arrandegi eraikinaren aurrealdera lekualdatu dituzte San Juan kaleko baserritarren postuak. (Argazkia: Irati Salsamendi)

Bretxako merkatuko baserritarrek agur esan diote San Juan kaleko estalpeari. Astelehenean lekualdatu zituzten tokiko produktuen hamalau postuak, Arrandegia eraikinaren aurrean kokatu duten karpa batera. Baserritarrak San Juan kalean egon dira 2000. urtean merkatu zaharra eraldatu zutenetik, eta jakinarazi dutenez bost hilabete emango dituzte behin-behineko kokalekuan, merkatuaren eraberritze lanek behin betiko tokira lekualdatzeko aukera ematen duten arte, hain zuzen.

Joan den urrian Donostiako Udalbatzak aho batez onartu zuen Bretxa eta ingurua berritzeko Plan Berezia, eta horren arabera, San Juan kaletik Arkoak eraikinaren hegoaldeko aurrealdera pasako dituzte baserritarren postuak; Bretxako plaza bertara. Gaur egun plazaren erdian dagoen eraikina –Tupperware gisara ezagutzen dena– eraitsi eta plaza publiko bihurtuko dute. Ondorioz, baserritarren postuen eta betiko merkatuaren arteko bidea hobetuko da, aurrez aurre egongo direlako. Betiko merkatuko handizkarien postuak Arrandegi eraikinaren lehen solairuan jokatuko dituzte, kaleko lurraren arrasean, eta eraikin berean osasun zentro eta kirol-gune publiko bana jarriko dituzte. Beheko solairura jaisteko sarrera lekuz aldatuko dute; plaza erdian egotetik alboan egotera pasako da, Aldamar kalera.

Ez daude konforme
Juan Mari Iztueta Sorozabal Lepasoro oilategiko ekoizlea da, eta Bretxako hamalau postuetako bat kudeatzen du. «Ez gaude oso pozik kokaleku berriarekin, izan ere, karpak txiki gelditzen zaizkigu, gure produktuak deskargatu eta gordetzeko», azaldu du Iztuetak. Euria egiten duenean karpek babestu egiten dituztela kontatu du, baina ura postuaren azpitik sartzen zaiela gaineratu du, karpak desnibelean kokatuta daudelako: «Nik arrautzak ekoizten ditut, eta lurra erabili behar dut arrautzen kartoiak uzteko; euria egiten duenean bustitzeko arriskua dut».

«San Juan kaleko estalpean oso ondo egon gara orain arte» aitortu du Iztuetak, izan ere, jende asko ibiltzen den kalea da eta «oso ikusgai» zeuden baserritarrak. Halaber, produktuak deskargatzeko eta postuak muntatzeko ere oso erosoa zela aipatu du.

«Hiru edo lau hilabetez oraingo karpetan egon ahalko gara, baina gure beldur eta kezka nagusia behin betiko postuek izango dituzten ezaugarriak dira», onartu du. San Juan kaleko postuak baino txikiagoak izango direla salatu du baserritarrak, eta aldarrikatu du lanerako tokia behar dutela, produktuak gorde eta produktuak ondo erakutsi ahal izateko.

Iztuetak esan du udalarekin «ahal den azkarren» bilera bat egin nahi dutela, baserritarren eskakizunak helarazteko: «Borrokatzeko asmoa daukagu, espazio handiagoa lortu arte». Plan Bereziaren eratze prozesuaren inguruan ere «ezer gutxi» jakin dutela kritikatu du ekoizleak: «Bilera informatiboak egin zituzten gurekin Plan Berezia azaltzeko, baina, azken finean, esaten dizutena onartzen duzu, edo kanpoan gelditzen zara».

Bretxako eraberritze lanak amaitzean postuek izango dituzten ezaugarrien berri gutxi dutela azaldu du Iztuetak: «Entzun duguna da postuak finkoak izango direla, eta hainbat kaletan dauden edukiontzi batzuen sistema hidraulikoa izango dutela. Gure jarduna amaitzean lur azpian gordeko dira postuak, eta goizean berriz atera. Guri sistema ez zaigu asko gustatu, gehienbat garbitasunaren ikuspegitik. Osasungintza aldetik ere ez dakit oso egokia den sistema hori. Lur azpian egonda beldurra daukagu ez ote den kaleko zikinkeria sartuko». Ekoizpen prozesuan Osasun Saileko kontrol eta inspekzio ugari izaten dituztela esan du baserritarrak, eta udalak postuen garbitasun baldintzak kontuan hartuko beharko dituela ohartarazi du.

Handizkarien kokagune berriari dagokionez, horien ordezkariek hainbat hedabideri esandakoaren arabera, negozioen kokapena hobetuko da kalearen arrasean egongo direlako, baina, era berean, dendarien postuen tamaina txikitu egingo dutela ohartarazi dute. Gainera, merkatuko saltoki handien azalera ere handituko dute, hala nola, Forum kirol-saltokiarena eta Lidl supermerkatuarena. Iztuetak gogor salatu du erabaki hori: «Saltoki handiek botere handiagoa dute beti guk baino, eta galtzaile aterako gara».

Iztuetaren kide baserritar batek erakunde publikoen joko bikoitza agerian utzi du: «Hauteskundeak iritsiko dira eta denek promozionatuko dituzte tokiko produktuak, baina gero, kalte egiten dizkiguten erabakiak eta aldaketak egiten dituzte».

HITZAkide HITZAkide