Topoaren igarobidearen lanak gauez egiten direla salatu dute Amarako hainbat bizilagunek
Une honetan, Mirakontxa-Easo eta Easo-Lugaritz zatien tunelak egiten ari dira. Goizez ez ezik, gauetan ere makinekin lanean ari direla salatu dute bizilagunek.
Amarako hainbat bizilagunek sinatutako idatzi bat prestatu dute Topoaren igarobidearen lanek eragindako kalteengatik. “Otsailaren 24tik bizi dugun egoera jasanezina da, zarata eta dardarengatik. Ezin dugu lorik egin, eta ez dakigu noiz arte luzatuko den egoera hau”, adierazi dute.
Une honetan, Mirakontxa-Easo eta Easo-Lugaritz zatien tunelak egiten ari dira. Goizez ez ezik, gauetan ere makinekin lanean ari direla salatu dute bizilagunek. Horrela, udalari eta jaurlaritzari eskatu diote gauetan lanak bertan behera uzteko, 22:00etatik 8:00etara.
Bizilagunen arabera, gaueko lanen zaratek baimenduriko 27 dezibelioen muga “nabarmen” gainditzen dute. “Bizilagun hainbatek Donostiako Udaltzaingoari deitu diote zaraten dezibelioak neurtzeko, eta 35-50 dezibelio baino gehiagokoak izan dira emaitzak”. Martxoaren 13an, berriz, neurketak egiteaz arduratzen den udaltzaingoaren atalak jakinarazi zien, datozen bi asteetan ezingo dituztela zaraten neurketa berriak egin baliabiderik ez dutelako.
Euskal Trenbide Sareak (ETS) gehiegizko zaraten berri duela azpimarratu dute, eta ez dutela ezer egiten hori saihesteko. “Topogunean gure kexen berri badute, baita udalak eta Eusko Jaurlaritzak ere. Dena dela, ez dute inolako neurririk hartu nahi”. Horrekin batera, ETStik Topogunearen bidez jakinarazi diete makinek lanean jarraitu behar dutela, eta “bizilagunei eragindako kalteak” hainbat hilabetetan luzatuko direla.