'Tupust!' komiki antologia feminista aurkeztu dute
2016an hasi ziren Tupust! komiki antologiaren lehen osagaiak kozinatzen, eta azkenik, atera dute labetik komiki bilduma. Komikigunean aurkeztu dituzte gaur goizean argitalpena eta lanaren atzean dagoen kolektiboa; ikusgai jarri dute ere komikigileen lanekin osatutako erakusketa, eta hilaren 29ra arte egongo da ikusgai. Antologia hamalau istoriok osatzen dute, horien atzean hogei artista dauden arren, ilustratzaileak zein gidoilariak. Horietako lau egon dira gaurko aurkezpenean: Maitane Gartziandia, Loinaz Lekuona, Ainara Azpiazu Axpi eta Maite Gurrutxaga. Txalaparta argitaletxeak argitaratu du lana, eta aurkezpenean egon da ere Garazi Arrula, argitaletxearen ordezkari gisa.
Ni-a da argitalpenaren gaia, hortaz hamalau istorioen bitartez “ni-a modu kolektiboan irudikatu dute”, Arrularen ustez. Lan kolektiboa da Tupust!, baina Gurrutxagak esplikatu du artista bakoitzak “era librean” aukeratu duela bere sorkuntza nola egin. Ilustratzaile batzuk bakarrik aritu dira eta beste batzuk, idazle edo gidoilari batekin batera egin dute bere lana. Istorio batzuk mutuak dira, eta beste batzuk testuaren laguntza dute; azken horien kasuan, sorkuntzarako erabili duten hizkuntza euskara izan dela kontatu dute. Gainera, biñeta guztiak bi kolorez eginda daudela azaldu dute: teila kolorea eta berdea.
Era berean, komikigintza lan konplexua dela nabarmendu du, eta argitalpenaren detaileei erreparatuta atzean pertsona askoren lana dagoela azaldu du Gurrutxagak: diseinatzaileak, maketatzaileak, eta abar. “Lan grafikoak ez dira idatziak bezala, kontu eta erabaki asko dituzte atzetik; horregatik dira batzuetan horren konplexuak”, gaineratu du Axpik.
Orain arte euskal komikigintza “oso maskulinizatua” egon dela kritikatu du Lekuonak, eta proiektua komikigintzan eta ilustrazioan dabiltzan hainbat emakume “saretzeko” helburuarekin sortu dela gehitu du Gartziandiak. “Kalitatezko sorkuntza profesionalak egiten ditugula aldarrikatu nahi dugu”, adierazi du Lekuonak. Estilo aldetik lan berezia da bere ustez, baina eduki aldetik ere desberdina dela esan du. Esaterako, gizon zuri heterosexual mendebaldarraren eredutik kanpo dauden subjektu horiek irudikatzeko helburuetako bat du proiektuak, orain arteko komikigintzan gutxitan egin dena, hain zuzen.
Tupust! kolektiboak duela hiru urte hasi zuen bere ibilbidea, eta gaur aurkeztu duten argitalpena bide luze baten hasiera besterik ez dela jakinarazi dute, izan ere, sorkuntza lanak egiteaz gain, beste hainbat jarduera egiteko asmoa dute (hitzaldiak, erakusketak, ikastaroak, eta abar). “Gelditzeko etorri gara”, aitortu du irmo Lekuonak.
IRUTXULOKO HITZAk Tupust! kolektiboko hainbat sortzailerekin hitz egin du proiektua ezagutzeko. Ostiraleko astekarian egongo da irakurgai erreportaje osoa.