Itsas Gain luxuzko hotel bihurtu nahi dute
Mirakontxako eraikina urtetan zehar egon zen hutsik, 2014ko martxoan hainbat herritarrek okupatu eta zentro sozial bilakatu zuten arte. Zenbait hilabetera, ordea, eraikina uztera behartu zituzten, 23.000 euroko zigor ekonomiko baten mehatxupean. Orain, eraikinaren jabeek 25 gelako luxuzko hotela sortu nahi dute.
Aldapeta kaleko Itsas Gain eraikina bost izarreko luxuzko hotel bihurtu nahi dutela eman du aditzera Noticias de Gipuzkoa-k. Egunkariak argitaratutakoaren arabera, Mercer enpresa espainiarrak 25 gelako hotel bat sortzeko proiektua aurkeztu zien duela urtebete Donostiako Udalari eta Eusko Jaurlaritzari, eta bere eraikuntza erakundeen onespenaren zain dago geroztik.
Mirakontxako eraikina urtetan zehar egon zen hutsik, 2014ko martxoan hainbat herritarrek okupatu eta zentro sozial bilakatu zuten arte. Itxas Gaineko kideek hainbat jarduera eta egitasmo antolatu zituzten hurrengo hilabeteetan zehar, 2015eko ekainean eraikina uztera behartu zituzten arte.
Izan ere, eraikinaren jabeak, Yeregui enpresak, prozesu penala eta zibila abiatu zituen Itsas Gaineko kideen aurka, eta hauek eraikina euren kabuz uztea erabaki zuten, jasanezina izan zitekeen zigor ekonomiko bat saihesteko asmoz. Irten aurretik, ordea, elkarrizketa eskaini zioten IRUTXULOKO HITZAri, eraikinaren etorkizunarekiko aurreikuspen batekin: “Bizitzarik gabe geratuko da berriro, jabeek dirulaguntza publiko bat lortu arte, etxea eraisteko eta luxuzko etxe berriak eraikitzeko”.
Eraisketari dagokionez, badirudi proiektuak eraikinaren kanpo egitura orokorra errespetatuko duela, baina hainbat moldaketa egingo ditu barnean eta inguruan. Hain zuzen, proiektuak luxuzko jatetxe eta spa baten sorrera aurreikusten du, eta lorategiaren zati bat hartuko lukeen eraikin berri baten eta aparkaleku baten eraikuntzarekin batera.