Raitx artista donostiarrak emango dio hasiera 2019ko Katapulta Tour birari
Apirilaren 12an emango diote hasiera 2019ko Katapulta Tour Gipuzkoa zirkuituari, eta lehen kontzertuko protagonista Raitx artista donostiarra izango da. Kontzertua Errenteriako De Cyne Reyna tabernan izango da, 23:00etan. Raitx taldekideekin batera arituko da oholtza gainean, hain zuzen, Esti Beraza (sintetizadorea eta ahotsa) eta Xalba Ramirez (bateria eta perkusio elektronikoa) donostiarrekin.
2017ko martxoan hasi zuen bere ibilbidea, Raitxek gitarrista eta abeslari gisa; ordura arte, soinujole izan zen Rakel. Lehen kontzertua Bakarrik Hobeto Fest-en eskaini zuen, Bukowski aretoan, eta ordutik, zenbait kontzertu egin ditu hirian, batez ere Musikagela proiektuaren laguntzaz. Raitx Koban taldeko partaide ere bada.
2016tik katapulta lanetan
Katapulta Tour Gipuzkoa musikako eta formatu txikiko arte eszenikoetako zirkuitua da, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura, Turismo, Gazteria eta Kirol Departamentuek bultzatzen dute, Kutxa Kultur, Donostia Kultura eta Buenawista Prolleckziom’s-ekin lankidetzan.
Egitasmoak gazteei arreta berezia eskaini nahi die, eta bi helburu nagusi ditu: musikaren eta arte eszenikoen eremuko gipuzkoar talentuak balioan jartzea eta horiek sustatzea, eta Gipuzkoako eszena kulturala dinamizatzen laguntzea klubei eta antolatzaileei babesa emanez.