Aitzole Araneta izango da Elkarrekin Podemosen Donostiako alkategaia
Donostiako alkatetzarako hautagaitza aurkeztu du gaur goizean Elkarrekin Podemosek, eta Aitzole Araneta izango da alkategaia. Podemos Euskadi, Ezker Anitza-IU eta Equo Berdeak alderdiek osatutako koalizioa da Elkarrekin Podemos. Goizeko aurkezpenean, Araneta bera, Ezker Anitza-IUko Haizea Garay, Equo Berdeakeko Victor Lasa, eta Gipuzkoako diputatu nagusi izateko Podemos Euskadiko hautagaia, Maria Valiente, egon dira.
“EAJ eta PSEren erosketa eta musikalen hiriaren aurrean, hiri feminista, anitza, inklusiboa eta solidarioa” aldarrikatu du Aranetak, eta “erakundeek emakumeak entzuteko garaia” iritsi dela nabarmendu du.
Hiriko “lurralde desorekak eta desoreka sozialei” aurre egiteko neurriak hartzeko garrantzia nabarmendu du Garayk. Klimaren inguruan hitz egin du Lasak, “krisi klimatikoa geldotasun politikoaren ondorioa” dela adieraziz. Horrekin batera, Change the Change konferentzia antolatu izana ere kritikatu du, “Gipuzkoako erakundeek erraustegiak bultzatzen dituzten bitartean”.