Hainbat lineatan hobekuntzak ezarriko ditu Dbusek
Dbuseko 26-Amara-Martutene linea. (Argazkia: Estitxu Zabala) Apirilaren 1ean jarriko ditu martxan Dbusek 26 – Amara-Martutene, 35 – Arriola-Antigua-Aiete-Ospitaleak eta 45 – Renfe-Bus geltokiak-Antigua-Aiete lineetako hobekuntzak. Dbusek jakinarazi duenez aldaketak ezarriko dira erabiltzaileen premietara egokitzeko helburuarekin.
26 – Amara-Martutene lineari dagokionez,lanegunetan maiztasuna hamabi minutukoa izango da egungo hamabost minutukoa izan beharrean. Larunbatetan, aldiz, 15 minutuan behin pasako dira autobusak, eta igandeetan 20 minuturo.
Lineak egun duen eskari gero eta handiagoari erantzungo dio hobekuntza honek. Gainera, Txomineneako populazioak izango duen gorakadari lotuta aurreikusten den eskariari erantzuna emateko xedea du.
35-Arriola-Antigua-Aiete-Ospitaleak linearen lanegunetako maiztasun berria 30 minutukoa izango da, eta maiztasun aldaketaz gain lineak ibilbide berria egingo du, Errotaburu eta Lorea Aieterekin, Miramonekin eta Ospitaleekin lotzeko.
Hortaz, lanegunetan lineak hainbat ibilbide edukiko ditu, eta bakoitza 30 minutuan behin emango da. Ospitaleetatik Irakasle Eskolara arteko ibilbidea komuna izango da beti; beraz, Antigua-Aiete-Ospitaleak konexioak 30 minutuko maiztasuna edukiko du. Horrela geldituko dira, beraz, linearen ibilbideak:
– Irteerak Arriolatik: egungo ibilbidea egingo du: Arriola, Unibertsitateak, Ondarreta, Pio Baroja, Aiete, Miramon eta Ospitaleak. Irteerak 60 minutuan behin izango dira, xx:30ean.
– Irteerak Errotaburutik: irteerak Tolosa 138tik, 60 minutuan behin, xx:00etan, eta honako geldialdiak egingo ditu: Unibertsitatea, Tolosa 112, Tolosa 138, Amerika plaza, Tolosa 111, Unibertsitatea II, Irakasle Eskola-Tolosa 14. Hortik aurrera ohiko ibilbidea egingo du Ospitaleetaraino.
Halaber, ibilbide horren barruan, 2 orduan behin Matia Zentrotik aterako dira autobusak: 10:00 – 12:00 – 14:00 – 16:00 – 18:00 – 20:00, eta kasu honetan ere aurreko geldialdi guztiak egingo dituzte (horietatik minutu batzuk lehenago igaroko dira).
Azkenik, 45-Renfe-Bus Geltokiak-Antigua-Aiete linearen ibilbidea aldatuko da Aietetik, Andoain kalean eta Pagolan zerbitzua emateko, 19-Aiete-Bera Bera lineak egiten duen moduan. Horrela, Pagola Antiguarekin lotuta egongo da eta Erdialdearekin eta tren eta autobus geltokiekin ere bai. Egungo ordutegiak mantenduko dira, baina Aieteko burualdeko geltoki berria Aiete 93an egongo da, eta ez Etxadin, hori kendu egingo da eta.
– Irteerak Renfe-Bus Geltokietatik: xx:25ean eta xx:55ean izango dira eta egungo ibilbidea egingo dute Bera Beraraino. Hortik aurrera Andoain 17an, Pagolan, Oriamendin eta Aiete 93an egingo ditu geldialdiak.
– Irteerak Aiete 93tik: xx:25ean eta xx:55ean, hortik Bera Bera 133rantz joango da, ohiko geldialdiak eginda.

