Jolastokietako hirigintza hitzarmena onartu du udalak
Donostiako Udalak hasierako onarpena eman dio Altzako Jolastokieta gaineko urbanizazioari. Hirigintza hitzarmenari esker egun industriagunea den eremua hirigune bihurtuko dute. Zehazki, Larrerdi plaza eta Bertsolari Txirrita arteko lursaila biziberrituko dute.
Gaur egun, Zardoya Otis enpresa dago aipaturiko eremuan, baina laster Eskusaitzeta industrialdera mugituko dira. Hori gertatzerakoan udalak 40.918 metro koadroko eraikigarritasuna izango du, han etxebizitzak eraikitzeko.
Hirigintza erabaki gehiago
Altzan ez ezik, hiriko beste gune bateko hirigintza hitzarmenak onartu ditu udalak. Plan Orokorra aldatuta hainbat aldaketa bideratuko dituzte. Illarra eremuan, Igarako industrialdearen ondoan, 385 etxebizitza egin ahal izango dira, horietatik 131 Babes Ofizialekoak izango dira.
Bestalde, Muntoko Villa Eresku partzelan eraikigarritasuna handituko dute –70 etxebizitza eraikitzeko aukera–, Pinu Bideko Deposituaren partzela dotazionala bilakatuko da –gazteentzako 30 apartamentu egiteko aukerarekin–, eta Igeldo igoerako Erregeneako lursailak landa gunea izatetik lur publiko librea izatera pasako dira.