Migrazio politika "anker eta kriminalak" salatu ditu LABek Moussa Sow eta Joseba Alvarezen epaiketaren egunean
Moussa Sow senegaldarrak eta Joseba Alvarez Parte Zaharreko bizilagunak epailearen aurrean deklaratu behar izan dute gaur, Donostiako Udaltzaingoak haien kontra jarritako salaketen harira.
(Argazkia: Iñaki Agirre) Sowri autoritatearen aurkako atentatua leporatzen diote, poliziaren arabera, kalean artisau lanak saltzeagatik hurbildu zitzaizkion agenteei eraso egin zielako. Alvarezi, berriz, desobedientzia egozten diote, ustez Sow atxilotzen ari ziren agenteen lana oztopatzeagatik.
Epaitegiaren atarian, LAB sindikatuak elkarretaratzea egin du, Kale saltzaile izatea ez da delitua zioen pankartarekin. Bertan salatu dute Sow eta Alvarez operazio polizial baten biktimak izaten ari direla, eta epaiketa bertan behera gera dadila eskatu dute. IRUTXULOKO HITZAri duela egun gutxi eskainitako elkarrizketan, Alvarezek adierazi zuen udaltzainen salaketa gezur batean oinarritzen dela: “Gertu geunden guztiok ikusi genuen Moussak ez zuela inolako erasorik egin. Are gehiago, poliziak era oso bortitzean eraman zuen, bultzaka eta besoa bihurritzen zion bitartean”.
Hain zuzen, alderdi politiko eta instituzioen aldetik pertsona migranteak kriminalizatzeko nahia dagoela azpimarratu du Urtzi Ostolazaga LABeko kideak: “Epaiketa honen atzean, benetan ankerrak eta kriminalak diren migrazio politikak daude”. Sindikatuak gogoratu du “migratzera behartuak izan diren bezala, pertsona hauek kalean saltzen ari badira horretara derrigortu dituztelako dela”, eta haien lana kriminalizatzeaz gain, erakundeek Alvarezena bezalako elkartasun ekintzak zigortzea bilatzen dutela gehitu du.
Gainera, udaltzainen salaketak Sowren bizitzan izan ditzakeen ondorio latzak nabarmendu ditu Ostolazagak, orain estatutik kanporatua izateko arriskuan dagoela azpimarratuz. Kaleko saltzaileak urrian naziotasuna jaso behar zuen, baina bere aurka ireki duten auzia dela-eta bere paperen tramitazioa bertan behera geratu da.

