Amarako 179 bizilagunek Topoaren igarobidearen lanek eragindako kalteak salatu dituzte
Eneko Goia alkateak dio igarobidearen lanek eragindako kalteen analisia Euskal Trenbide Sareak egin behar duela.
Donostiako Udalari, Eusko Jaurlaritzari eta Arartekoari idatzi bat aurkeztu diote Amarako 179 bizilagunek. Otsailaren 24tik gauetan lo egin eta atseden hartzeko arazoak izaten ari dira Topoaren igarobidearen lanen ondorioz. IRUTXULOKO HITZAk pasa den astean eman zuen idatziaren berri. Kalteturiko bizilagunek batzarra egingo dute apirilaren 2an, Amara Bai auzo elkartearen egoitzan (20:00).
Obrek nabarmen kaltetu dituzte Osasuna, Amara Gaina eta Autonomia kaleetan bizi diren auzotarrak. Udaltzainek 30 eta 60 dezibelio bitarteko zarata mailak neurtu dituzte etxeetako logela eta egon geletan. Kutsadura akustikoa arautzen duen udal ordenantzak gaueko orduetan (22:00etatik 8:00etara) etxebizitzetan ezartzen duen gehienezko 27 dezibelioko muga “nabarmen” gainditzen duela salatu dute bizilagunek.
Euskal Trenbide Sareak (ETS) bizilagunei erantzun die Udaltzaingoak egindako neurketak “baliogabeak” direla, baina erakunde horrek ez ditu neurketak egin etxebizitza horietan. Igarobidearen proiektuko Ingurumen Zainketa Planak zehazten duenez, eraikuntza enpresak dira neurketa horiek egin behar dituztenak. “Makinak inolako kontrolik eta zigorrik gabe jarraitzen dute gauetan lan egiten, udal araudia eta Ingurumen Zainketa Plana urratuz”, salatu dute.
Alkatearen adierazpenak
Bizilagunen kexen inguruan galdetu zioten Eneko Goia alkateari, astearteko Tokiko Gobernu Batzordearen ostean. Igarobidearen lanek eragindako kalteen analisia Euskal Trenbide Sareak (ETS) egin behar duela adierazi zuen.
Nolanahi ere, udala ETSrekin jarri da harremanetan egoeraren inguruan hitz egiteko. “Zaraten neurketa eta analisia beraiek egin nahi dute erabakiren bat hartu behar den ikusteko. Orain arte horrela izan da, eta arazoak sortu direnean neurriak hartu dira. Esaterako, Bentaberrin”, azaldu du Goiak.