Ubikeko langileek elkarretaratzera deitu dute 96. greba egunean
Ubikeko langileek elkarretaratzea egin dute grebaren 70. egunean. (Argazkia: Bitartekariak Martxan) Tabakalerako Ubik sorkuntza liburutegiko langileek 96 egun daramatzate greba mugagabean. Bitartekariek sare sozialen bidez jakinarazi dutenez, gaur, martxoaren 27an, Tabakalerako administrazio kontseilua gaur biltzekoa da, 15:00etan. Ubikekoen ustez, Donostiako Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak osatutako kontseiluak “aukera ezin hobea dauka gatazkari amaiera emateko behingoz”.
Administrazio kontseiluaren bilera dela eta, bitartekariek elkarretaratzera deitu dute, Tabakaleran 14:30ean, Lan baldintza duinak sorkuntza liburutegiko bitartekarientzat! lelopean.
Era berean, bitartekariek atzo kritikatu zuten Tabakalera eta zerbitzua azpi-kontratatzen duen Sedena enpresak “ez daukatela gatazka konpontzeko inolako asmorik”. Atzo egindako bileraren balorazio gisa zabaldutako txioan lotsagarritzat jo zuten haien jarrera.
Gaurko bileran berriz ere argi gelditu da @tabakalera eta @Sedena_SL-k ez daukatela gatazka konpontzeko inolako asmorik. Hilabete pasa dugu beraien berririk izan gabe, eta gaur esan digutena: ez daukatela guretzat proposamen berririk. LOTSAGARRIA. @markelolano @ZupiriaB @edurneo pic.twitter.com/h1RnvvzjK5
— Bitartekariak Martxan! (@bitartekariakM) March 26, 2019

