Bainuetxearen fatxada Amarako Arroka plazan jartzen ari dira

Duela lau urte desmuntatu zuten Easo kaleko Bainuetxearen fatxada. San Bartolomeko lanek aurrera egitearekin batera, jatorrizko auzora itzuliko da aipaturiko fatxada. Arroka plazan ari dira jartzen, Vasconia elkartearen ondoan. XX. mende hasieran donostiarrek gorputza garbitzeko erabiltzen zuten Bainuetxea. Garai hartan etxebizitza guztietan ez zeuden bainuontziak eta dutxak.
Juan Antonio Saez Garcia geografoaren arabera, 1915 inguruan eraiki zen Bainuetxea, eta 1990eko hamarkadan itxi zuten erabilera faltagatik. Hamarkada berean, udalak San Bartolomeko horma botatzeko proiektua sustatu zuen, baina hainbat herritarrek eta kulturako pertsona ezagunek epaitegietara jo zuten. Espainiako Auzitegi Gorenak arrazoia eman zien, eta udalak eremuko hiru elementu babestu zituen: horma, eliza eta Bainuetxea.
2015ean Easo kaletik udal gobernuak Bainuetxearen harriak kendu zituen, jatorrizko eremuan kokatzeko baldintzarekin. San Bartolome elizarekin ez da gauza bera gertatu, soilik fatxada mantendu dutelako.