Bertso eskaintza zabala antolatu dute astebururako
Nabarmena da azkenaldian Donostiako bertso mugimenduak izan duen gorakada, eta horren seinale da asteburu honetan hirian egongo den bertso eskaintza zabala. Alde batetik, gaur, martxoaren 29an, Donostian Bertsotan egitasmoko azken saioa egingo dute, Añorgako Jolas Etxean. 22:00etan hasiko da, eta Unai Gaztelumendi, Nerea Elustondo, Itxaso Piquer eta Pello Basurto arituko dira bertsotan. Donostiako hainbat bertsozalek sortu dute egitasmoa, eta aurretik, hiru saio gehiago egin dituzte; guztira, 20 bertsolari inguru aritu dira saio horietan.
Bestetik, bihar, martxoaren 30ean, Kontratu sexuala liburuan oinarritutako bertso trama egingo dute Groseko Pandora tabernan, 12:00etan. Bertso traman parte hartuko dute Uxue Alberdi, Unai Iturriaga eta Maialen Lujanbio bertsolariek, Eider Rodriguez idazlearen gidaritzapean. Carole Pateman politologo feministaren Kontratu sexuala liburua da Eskafandra bildumako bosgarren liburua. Maialen Berasategi Catalanek egin ditu itzultzaile lanak. Sarrerak salgai daude Pandora tabernan bertan, 5 euroan.
Azkenik, larunbat gauean, urteroko bertso afari feminista egingo dute Antiguan, Txitxibitxiak Antiguako talde feministaren eskutik. Afaria Antiguotarrak Elkartean izango da, eta menua begetarianoa izango dela jakinarazi dute. Miren Artetxe, Itxaso Piquer eta Ainhoa Agirrezaldegi bertsolariek kantatuko dute afalostean, eta Ainhoa Urien izango da gai jartzailea.