"Etorkizuna izango dugula argi daukat"
Izurun pilota eskolak aurkezpen festa egingo du igandean. Adin guztietako 70 bat pilotarik parte hartuko dute. Horien artean izango da Mirian Arraiza (Antigua, 2005) pilotari gaztea.
Kirola eta festa uztartuko ditu igandean Antiguako Izurun pilota eskolak. Adin guztietako pilotariek goizeko bederatzietatik eguerdira bitarte jokatuko dituzte partidak. Ondoren, sagardotegi bazkaria egingo dute Izurun elkartean, barrikote eta guzti (14:30) eta Barrene txapelketa batekin biribilduko dute eguna. Era berean, Gipuzkoako txapelketak irabazi dituzten pilotariak omendu dituzte. Horietako bat da Mirian Arraiza gaztea.
Noiz hasi zinen pilotan?
Seigarren mailan sartu nintzen pilota eskolan, duela lau edo bost urte. Dena dela, txikitatik gustatu izan zait pilota. Futbola ere gustuko dut, baina pilota nahiago dut. Oso gustura nabil.
Gustura ez ezik, maila txukunean ari zara, ezta?
Iaz Gipuzkoako nesken arteko binakako txapelketa irabazi nuen, eta aurtengo txapeldunordea naiz. Hiru bikotek parte hartu dugu, azken unean laugarren batek ez jokatzea erabaki ondoren. Euskal Herriko txapelketari dagokionez, iaz ezin izan nuen parte hartu nire kideak ezin zuelako. Bestalde, momentuz Master Cup txapelketan ez parte hartzea erabaki dugu.
Neska eta mutilen kontra ari zara jokatzen, bakarka zein bikote mistoen bitartez.
Hori da, baina normalean mutilen aurka aritzen naiz. Hemendik aurrera nesken kontra gehiago jokatzea espero dut.
Igandeko aurkezpenaren ondoren, zein txapelketa duzu aurrera begira?
Añorgako lau t’erdiko txapelketan parte hartuko dut maiatzaren 19an. Lehen aldiz takoekin ariko naiz nesken aurka. Orain arte beti pilota bigunarekin aritu izan gara.
Pilotaria izan nahi duzu?
Jokatzen jarraitu nahi dut datozen urteetan. Gero eta neska gehiago gaude pilota jokatzen. Etorkizuna izango dugula argi daukat. Goiz edo beranduago sortuko dute nesken kategoria profesionaletan.