"Korrika guztiona da, baita goatekea ere"
Apirilaren 12an Korrika auzotik pasako dela eta, Andoni Tolosa eta Maider Flamerike AEK-ko langileak 'Antiguan lo ez!' festa ari dira antolatzen. Antiguotarrak elkartean 70eko eta 80ko hamarkadetan girotutako goateke bat egitea da euren asmoa, eta laguntza eskatu diete herritarrei festarako kantu sorta zabala osatu ahal izateko.
Zer dela eta animatu zarete goatekea antolatzera?
Maider Flamerike (M.F.): Parte Zaharreko Korrikaren dendan txanda egiten ari ginela okurritu zitzaigun. Aspertuta geunden eta musika jartzen hasi ginen, aspaldiko kantak gogoratuz. Horrela otu zitzaigun Antiguan goatekea egiteko ideia.
Andoni Tolosa (A.T.): 70eko eta 80ko hamarkadetan gazte izan ginenok oso barneratuta daukagu berbena eta plazetako giro hura, eta garaiko abestiak aipatzen hasten garen aldiro kanta pila datozkigu gogora.
Horregatik utzi duzue festako musika zerrenda herritarren esku?
M.F.: Goatekea girotu eta jendearen parte-hartzea sustatzeko ona izan daitekeela pentsatu genuen. Azken finean, Korrika guztiona da, eta antolatu dugun festa ere halakoa izatea nahi dugu.
A.T.: Gainera, jaiaren berri izan duten askok galdetu digute ea abesti hura edo bestea jarriko dugun. Ba, eskatu ditzatela, aukera dute eta!
Hasi zarete dagoeneko proposamenak jasotzen?
A.T.: Ari gara, bai. Guztira 40 bat jasoko ditugu dagoeneko.
M.F.: Garrantzitsua da jendeak bere abestiak aldez aurretik bidaltzea, egunean bertan berriak gehitzea ezinezkoa izango delako.
Eta zuek, proposatu dituzue zuenak?
A.T.: Sartu ditugu batzuk, bai. Itoizen Marea gora, adibidez, ezin zen falta.
M.F.: Eta Eganen Lo ez Mexicon, nola ez. Abestiari izena moldatu diogu goatekeari berea jartzeko. A, eta kantu motelak, noski. Horiei ere tarte bat utzi beharko diegu.
Zer zeukaten orduko festek, garaikoek ez dutena?
A.T.: Kaleko festak ziren, tabernetan oraindik ez baitzegoen musika ekiporik. Dantzan egin nahi zuenak plazara irten beharra zuen, eta dantzaldi horiek gertakari sozial garrantzitsuak ziren gazteentzat.
Gainera, plazak nolabaiteko musika eskolak ziren guretzat. Nork ez du ezagutu Queen Eganen bidez? Gure belaunaldiko gehienok horrela ezagutu ditugu musika taldeak. Herriz herri eta plazaz plaza ibiltzen ginen.
Sorpresarik prestatu al duzue?
M.F.: Photocall bat jartzeko asmoa dugu, horrek arrakasta handia izan ohi duelako. Eta elkartea behar bezalako dantzaleku bilakatuko dugu, noski.
A.T.: Festa erakargarria izan dadila nahi dugu, eta horretarako ekarpen guztiak dira ongi etorriak, baita musikatik harago doazenak ere. Korrika festa irekia da, eta goatekean ere bere aletxoa jarri nahi duen oro ongi etorria izango da.
Garaikoak edo ez, denak daude, hortaz, festara gonbidatuta.
A.T.: Gazteei goatekera etortzea gomendatzen diet, batik bat, gu bezalako agure eta atso zaharrak Queen dantzatzen ikusteko aukera bikaina izango delako.
M.F.: Animatu daitezela abestiak bidaltzera eta festaren parte izatera, ederki pasako dugu eta.