Lierni Rekondok eta Aitor Odriozolak irabazi dute Altzako Bertsopaper lehiaketa
Lierni Rekondo lasartearrak eta Aitor Odriozola Altzako bizilagunak irabazi dute Altzako IX. Bertsopaper lehiaketa. Bizarrain Euskara Elkarteak antolaturiko txapelketak parte hartzaile ugari izan ditu, eta auzoko XIX. Bertso Aroaren ekitaldi nagusienetako bat izan da.
Lehiaketako sari nagusia Rekondori egokitu zaio, Erraustutako egiak izeneko bertsoagatik. Odriozolari, berriz, Altzako bizilagun batek eginiko bertso onenaren saria eman diote, merkataritza-gune handien inguruan idatzitakoagatik.
Bestalde, Bertso Aroaren egitaraua jarraituz, datozen egunetan ekitaldi gehiago egingo dituzte auzoan. Larunbatean, esaterako, bertso barrikotea egingo dute Herrera elkartean, 14:00etan, Uxue Alberdi eta Unai Iturriaga bertsolariekin. Bazkarirako sarrerak 14 eurotan daude salgai, Nido, Elizondo, Anaiak eta Lanbroa tabernetan.
Igandean, berriz, bertso jaialdia egingo dute Kaxkon, 18:00tan, Haritz Mujika, Oihana Iguaran, Eli Pagola eta Amets Arzallusekin. Astelehenean, halaber, Andoni Egaña bertsolariak eta Jon Ostolaza trikitilariak Neretik saioa eskainiko dute Tomasene kultur etxean, 19:30ean.