Plazara salto egin dute, baina ez tupustean
‘Tupust!’ komiki antologia feminista labetik atera da hilabete honetan; hogei egilek sortutako hamalau istorio bildu dituzte argitalpenean. Egileetako bi dira Loinaz Lekuona (1990) eta Arrate Rodriguez (1984).
Komikigintza «maskulinizatuarekin» egin dute tupust Txalaparta argitaletxeak argitaratu berri duen Tupust! komiki antologia feministako egileek. Besteak beste, komikigintza eta feminismoa uztartzea, egileen arteko sare bat osatzea eta sare hori lan eta proiektu berriak abiarazteko baliatu ahal izatea dira komiki bildumaren izen bera daraman kolektiboaren helburu nagusiak.
Antologia hamalau istoriok osatzen dute, horien atzean hogei artista dauden arren, ilustratzaileak zein gidoilariak. Horietako bat da Loinaz Lekuona, ogibidez irakaslea, eta Arte Ederretan lizentziaduna. «Ez da kasualitatea gu elkartu izana, kausalitate bat da. Saretzeko helburuarekin sortu dugu proiektu hau. Emakumeak gara, euskaldunak eta profesionalak. Belaunaldi jakin bateko sortzaileak gara, eta gure lana ikustarazi nahi dugu», adierazi du Lekuonak.
2016an hasi ziren Tupust! komiki antologiaren lehen osagaiak kozinatzen, eta azkenik, atera dute labetik komiki bilduma. Joan den astelehenean aurkeztu zuten Donostiako Komikigunean, eta gaur, martxoaren 29an, Tobacco Days liburu dendan egongo dira, lanaren berri ematen. Tupust! bilduma kalitatezko lan bat dela azpimarratu nahi izan du Lekuonak, eta azaldu du hogei sortzaileetatik, hainbatek ogibidetzat dutela ilustrazioa, baina beste batzuek ez; hala ere, denak profesionalak direla nabarmendu du: «Ez gara bat-batean azaldu den jendea, merkatuan eta zirkuituetan gauden jendea gara, askok ogibidetzat ez dugun arren».
Arrate Rodriguezek ere parte hartu du antologiaren sorkuntzan, eta berea da azaleko ilustrazioa. Bi artistek iritzi bertsua dute euskal komikigintzaren inguruan. Lekuonak uste du Euskal Herrian arte grafikoak oso gutxietsiak daudela, eta Rodriguezen arabera, egun, euskal komikigintzan aniztasuna eskasa da, «bai gai aldetik, estilo aldetik bezala». Estilo aldetik lan berezia da Lekuonaren ustetan, baina eduki aldetik ere desberdina dela esan du. Esaterako, gizon zuri heterosexual mendebaldarraren eredutik kanpo dauden subjektu horiek irudikatzeko helburuetako bat du proiektuak, orain arteko komikigintzan gutxitan egin dena, hain zuzen. «Ahotsak falta direla esango nuke, aniztasuna, bai pertsonaia aldetik, istorio aldetik, narrazio aldetik, baita estilo aldetik ere. Uste dut guk, besterik gabe, gure ahotsa liburu batean islatu nahi izan dugula; inork eskatu ez eta guk proposatu dugu».
Nitasunetik kolektibora
Antologia osatzen duten istorio guztiak ni-aren inguruan gorpuztu dira; komiki guztiek hitz egiten dute, era batean ala bestean, ni-ari buruz, baina artista bakoitzak «era librean» aukeratu du sorkuntza nola egin. Ilustratzaile batzuk bakarrik aritu dira, eta beste batzuk, idazle batekin batera egin dute bere lana. Istorio batzuk mutuak dira, eta beste batzuek testuaren laguntza dute; azken horien kasuan, sorkuntzarako eta egileen artean komunikatzeko hizkuntza euskara izan dela nabarmendu du Lekuonak. Gainera, bineta guztiak bi kolorez eginda daudela azaldu dute: teila kolorea eta berdea.
2016. urtetik gaur arte egindako prozesu kolektiboa «luzea eta aberasgarria» izan dela aitortu dute Rodriguezek eta Lekuonak. Egile bakoitzaren autonomia errespetatu dutela azaldu dute egileek, baina edukiak partekatzeko topaketak egin dituzte hilabete hauetan zehar. Lekuonak prozesu kolektiboan asko ikasi duela adierazi du, «nahiz eta askotan ez den erraza lan propioa modu horretan ikusgai jartzea».
Euren ofizioan lanaren sorkuntza prozesua beti bakartia izaten dela bieztatu du Rodriguezek: «Nik maite dut hala izatea. Luzea izan den arren gozatu dut, eta beste modura egingo ez nituzkeen aldaketa pila bat egin ditut. Honen aurretik eta ondoren dator kolektibotasunaren garrantzia, ideiak komunean jarri, besteok zure lana nola jasotzen duten, eta abar, oso garrantzitsua da. Binetak eta testuak birplanteatzeko beta ematen dizu, eta niretzat hori luxua da».
Tupust! kolektiboak duela hiru urte hasi zuen bere ibilbidea, eta aste honetan aurkeztu duten argitalpena bide luze baten hasiera besterik ez dela jakinarazi dute; izan ere, sorkuntza lanak egiteaz gain, beste hainbat jarduera egiteko asmoa dute (hitzaldiak, erakusketak, ikastaroak, eta abar). «Gure helburua ez da antologia argitaratzea soilik, gelditzeko etorri gara», aitortu du irmo Lekuonak.