'Egia, Aitortza eta Erreparazioa' eskatu du Euskal Herrian Euskarazek
Euskaraz bizi nahi izateagatik euskaldunok mendetan zehar pairatutako jazarpena salatu du Euskal Herrian Euskarazek. Era berean, Egia, Aitortza eta Erreparazioa eskatu dute euskaldunentzat.
“Zapalkuntza horren emaitza da egun bizi dugun errealitate soziolinguistikoa, hau da, hizkuntza-komunitate gisa desegituratuta egotea eta gure hizkuntza-eskubideak urratuta egotea. Euskaldunok ez diogu gure borondatez uko egin euskarari. Herri gisa zapalduak, zatituak eta ukatuak izan garen bezala, hizkuntza-komunitate gisa ere zapalduak, zatituak eta ukatuak izan gara. ‘Euskal gatazka’ deitutakoa hizkuntza-gatazka ere bada”, adierazi dute.
Aldarrikapena manifestu batean jaso du EHEk. Manifestuarekiko atxikimendu bilketari ere ekin dio, eta dagoeneko 1.000 atxikimenduak gora lortu dituzte. Atxikimentua eman nahi duten herritarrek helbide honetan dute aukera: https://goo.gl/forms/zoWrhPsfRhftcmkf1