Ancora elkarteak hiriko establezimendu historikoen azterlan bat egingo du
Donostiako Udalak hiriko denda bereziak eta historikoak identifikatuko ditu. Horretarako, azterlan bat eskatu dio Ancora elkarteari. Lau hilabeteko epea izango dute eta 15.000 euroko aurrekontua.
Ancora dagoeneko hasi da lanean eta 30 establezimendu inguruko zerrenda osatu du. Horien artean daude, besteak beste, Ponsol kapela denda, Sotos farmazia, Otaegi gozotegia, Olazabal bitxi denda, Benegas lurrin denda eta Churruca zapata denda. “Lehen aldia halako ikerketa bat egiten dela, izan ere, hiriko establezimendu historiko bakar bat ere ez dago babestuta”, azpimarratu du Alberto Fernandez D’Arlas Ancorako kideak.
Parte Zaharrean eta Zabalgunean 50 urte baino gehiago dituzten establezimendu ugari daude. “Babestu ezean desagertzeko arriskuan daude. Barandiaran kafetegiaren kasua aipatu daiteke. Jabez aldatu dute eta garrantzitsua litzateke kafetegiaren arkitektura eta apaingarriak bere horretan mantentzea”, adierazi du Ancorako kideak.
Ernesto Gasco alkateordeak udalak hiriko denda historikoak babesteko duen konpromisoa nabarmendu du. “Balioa eman nahi diegu hirian hamarkadak daramatzaten establezimenduei, eta gure ustez zaindu behar diren horiei”. Azterlana gehigarri gisa txertatuko du udalak Hiriko Ondare Eraikia Babesteko Plan Berezian –HOEBPB euskaraz, PEPPUC gaztelaniaz–.