Uda hasierarako Blas de Lezo eta Triunfo kaleak oinezkoentzat bihurtuko dituzte
Blas de Lezo eta Triunfo kaleak oinezkoentzat bihurtzeko proiektuaren lanak egiteko kontratua adjudikatu du Donostiako Udalak. Landa e Iman enpresa arduratuko da lanez 280.735 euroko aurrekontuarekin. Hiru hilabeteko epea izango dute bi kaleak egokitzeko. Horrela, Erdialdeko bi kale hauek uda hasieran oinezkoentzat izango dira.
San Martin eta Zubieta kaleen artean kokatuta daude, eta ibilgailu gutxi ibiltzen dira. Dagoeneko Blas de Lezo kalea oinezkoentzat bihurtu zuten lanik egin gabe. Soilik garajeetara sartu edo bertatik irten behar duten ibilgailuek dute baimena ibiltzeko.
Bi kaleetan aurreikusita dago errepidea zein espaloiak konpontzea, eta saneamendua, uren jasotzea zein argiteria udal-zerbitzuak egokitzea. Behin lan horiek eginda, bi kaleetan dauden garajeetako erabiltzaileek bakarrik baimena izango dute ibilgailuekin sartu eta irteteko.