Donostiako Bulkada Eguna egingo dute Egian
Gazte Topagunea egingo dute Ernai eta Aitzina gazte antolakundeek apirilaren 19an, 20an, 21ean eta 22an Lemoan. Askatasun bulkadak independentziara lelopean “milaka gazte independentista” elkartuko dira, “borroka eta jaia uztartzeko asmoz”. Gazte Topaguneko webgunean eskuratu daitezke sarrerak.
Gazte Topagunerako motorrak berotzen hasteko, apirilaren 6an, larunbatean, Donostiako Bulkada Eguna antolatu dute Egian.
Egunari bertso-triki-bermuteoarekin emango diote hasiera, Unai Gaztelumendi eta Izarne Zelaia bertsolarien eskutik. 12:30tan Koskorrio tabernatik abiatuko da. Ondoren, belaunaldien arteko argazkia egingo dute, 14:00tan Plaza Haundin, bazkaltzen hasi aurretik. 14:30ean eseriko dira bazkaltzera, eta bazkalostean zozketa bat egingo dute, Physis vs. Nomos taldearen kontzertuarekin batera. Gero, gazte tribiala egingo dute. 18:00etan txaranga batekin auzoko kaleak girotuko dituzte. 20:00etan ekitaldia egingo dute, eta amaitzean, kalejiran joango dira Parte Zaharrera. Han Natural Killer DJ-aren musika saioa egongo da Ikatz kaleko Arrano elkartean. Egunari amaiera emateko, karaokea egingo dute kale bereko Herria tabernan.
Bazkariko tiketak Platero, Ilunki, Herria, Marruma, Koskorrio eta Zulo Zahar tabernetan dituzue salgai, 8 euroan ikasle eta langabetuentzat eta 10 euroan langileentzat. Halaber, Lemoako Gazte Topagunerako sarrerak taberna horietan eskuratu daitezke.