Drogen inguruko hausnarketa egingo dute Txantxarreka gaztetxean
Drogen inguruko hausnarketa egingo dute apirilaren 3, 5 eta 6an, Antiguako Txantxarreka gaztetxean, drogen kontsumo pertsonalak “gizabanako bakoitzean eta bere inguru sozialean” izan dezakeen eragina “argi eta garbi” ikusteko.
Auzoko egunerokotasunean “drogarekin dagoen erlazioa normalizatu” dela deritzote gaztetxekoek, “ohiko eta naturaltzat” jotzen baita hainbat eremutan drogak kontsumitzea, hala nola, kontzertuetan eta arratsaldeko poteoan. Izan ere, gizarteak drogak kontsumitzera bultzatzen gaituela nabarmendu dute: “Gure gizartearen seme-alabak gara, eta gure gizartean ekimen sozial edo publikoak drogarik gabe ezin ditugu ulertu”.
Drogen artean egiten den banaketa, batzuk arin kontsideratuz eta beste batzuk fuerte, “artifizial eta moralista” dela deritzote, estatuek droga sustantzia batzuk legeztatzeko eta beste batzuk ilegalizatzeko “aitzakia modura” ikusten baitute. Horregatik, gizarteak droga legal zein ilegalekin duen harremanaren inguruan hausnartzeko beharra ikusten dute, “drogen kontsumoan eta erabileraren kontzientzian” sakonduz.
Hori dela eta, hausnarketa egiteko hiru jarduera programatu dituzte gaztetxean: Gaur, apirilak 3, drogen inguruko Txantxarla egingo dute 20:00etan, Aspectos ideologicos de los discursos sobre la droga testuan oinarrituta. Apirilaren 5ean, 19:00etan, Drogas, capitalismo y movimientos radicales liburuaren aurkezpena egingo dute. Azkenik, hilaren 6an, esperimentu sozial bat egingo dute 20:00etatik aurrera: drogarik gabeko kontzertuak egiteko erronka jarri dute “asteko lanketa” praktikara eramateko, eta “kontsumo arduratsu eta kontzientea” bultzatzeko.