"Gure ibilbidea gertutik jarraitu dutenek parte hartzea nahi dugu"
Agur esateko itzuli da Urnietako Cohen taldea. 'Digresion' dokumentala larunbatean aurkeztuko dute Egiako Dabadaba aretoan (20:00). Ondoren azken kontzertu berezia eskainiko dute. Xabi Duo donostiarrak zuzendu du lana.
Dokumentala da taldearen itzulera baten bukaera?
Bai eta ez. Dokumentalarekin hasi ginenean taldea bizirik zegoen. Gero etenaldi mugagabea iragarri genuen, eta ondoren dokumentala bukatu genuen. Behin bukatuta, taldekideok bildu eta dokumentalaren emaitza ikusi genuenean erabaki genuen bukaera bat eman behar geniola. Afari baten eta gin tonic hainbaten errua!
Noiz sortu zen dokumentala egiteko ideia?
Talde askok bezala, argazki zahar eta bideo mordoa genuen disko gogorretan gordeta. Material hori guztia biltzeko asmoarekin hasi zen, baita ere guretzat izango zen oroigarri gisara. Aldi berean, taldekide bakoitzak bere ikuspuntutik taldearen istorioa kontatzeko aitzakia da.
Sinopsi moduan, zer erakusten du dokumentalak?
Normalean, musika taldeen dokumentalak musikari profesionalen bizitza erakusten digute. Gure ideia zen talde txiki baten abenturak, bizipenak, musikarien arteko erlazioak eta abar islatzea. Hau da, gure istorioa kontatzea, milaka taldek bizitzen dutena; furgoneta bateko bidaiak, aretoen lurretan lo egitea, eta 500 edo 10 pertsonentzako jotzea.
Egun berean kontzertua eskainiko duzue Dabadaban. Azken agurra?
Bai, taldeak iragarritako etenaldi mugagabea momentuz mantentzen da. Ez dakigu etorkizunean berriz batera jotzeko aukera izango dugun, baina momentuz hau da egin dezakegun guztia eta benetan paregabeko kontzertua izango da.
Emanaldi berezia prestatu duzue?
Oso kontzertu berezia izango da eta ezusteko ugari egongo dira. Inoiz ez da Cohen horrela ikusi, bai musikarengatik, bai formatuarengatik… denagatik. Kolaborazio batzuk egongo dira, guretzako bereziak diren pertsonak gonbidatuko ditugu, baita ere Cohen berezia izan denentzako. Gure ibilbidea gertutik jarraitu dutenek parte hartzea nahi dugu.
Emanaldiari begira entseguak egiten ari zarete. Nolakoak izaten ari dira?
Nahiko ezkutuan ari gara lokalean, baina egia da hunkigarria izaten ari dela. Duela urte batzuk ez genituela abesti hauek jotzen eta gure buruan jarritako presioa alde batera utzita, asko gozatzen ari gara. Oso ondo pasatzen ari gara eta gure artean egon zitezkeen zauriak isteko balio digu. Hasiberriak bezala gabiltza berriz ere entsegu luzeak egiten.
Cohen taldeaz aparte musikari bakoitzak beste proiektuak dituzue. Behin ziklo hau itxita besteei jarraipena emango diezue?
Sanchok Hyedra taldean jotzen du, Rubenek bere proiektu pertsonala dauka Reuben RG deituraren azpian eta Nerabe taldearekin segitzen du. Karlos Reuben RG taldeko zuzeneko bateria jolea da, Beñatek soinu bandak konposatzen ditu eta Joseba bere negozio propioarekin dabil buru-belarri.