«Asko gomendatzen dugu esperientzia, ingelesa lantzeaz gain, gauza ugari ikasten dituzulako bizitzaz»
Atzerriak eta kultura aniztasunak betidanik erakarri izan gaitu, eta herrialde arrotz batean pasatako denboraldi bateko egonaldiak gure jakinduria zabaltzeaz gain, hau aberastu dezake edozein adinetan. Gazteenek ere kontuan hartzen dituzten aukerak dira; beren esperientzia akademikoa eta ezagutzak ugaritzeko paregabeak direnak eta inoiz ere ahaztuko ez dituztenak. Zurriola Ikastolako DBH 4. mailako Intza Artetxek eta Nora Dazak ere ideia hau hautatu zuten, eta gaurkoan Irlanda eta Zeelanda Berrian pasatako beren bizipenak azalduko dizkigute, hurrenez hurren.
Ikasketak kanpoan egitea ez da erabaki samurra. Nolatan pentsatu zenuten hori?
Nora Daza: Niri txikitatik gustatu izan zait atzerriko kultura eta, orokorrean, bidaiatzea. Horregatik jakin-mina piztu izan dit betidanik denboraldi luze batez kanpora joateak, nola bizi diren ikusi, jende berria ezagutu, eta, bide batez, nire ingelesa hobetzeko.
Intza Artetxe: Nire ingeles maila bereziki ona ez zenez, gurasoek hasieran udaran hilabete batez kanpora joatea proposatu zidaten eta horixe egin nuen. Ondoren, kultura gehiago ezagututa hau gustatu zitzaidanez, hilabete batzuk han pasatzeko aukera eman zidaten.
Zu, Intza, Irlandan ibilia zara, eta Nora, Zeelanda Berrian. Zergatik aukeratu zenituzten toki hauek?
N.D.: Hego hemisferioan dagoenez, hango ikastetxean denbora gehiago egoteko aukera emango zidan, aldi berean hemengo klase ordu gehiegi galdu gabe.
I.A.: Nire gurasoen lagun batzuen seme-alabak oso gustura egon zirenez bertan, gurasoei gomendatu zieten nik esperientzia hori bizitzea. Behin hauekin kontaktuan, ni Portarlintong-era bidaltzea erabaki zuten.
Egunero bisitatzen ez diren lekuetan egon zarete, ba al zenuten toki gustukoenik, edo harritu zintuztenik?
N.D: Bada, ni ez nintzen Auckland-en egon soilik, Zeelanda Berrian zehar bidaiatzen ibili naiz. Gainera, horren urrutira joanda aprobetxatu nahi nuen. Eta uste dut aukeratuko nukeen toki gustukoena Milford Sounds dela, hegoaldeko irlan dagoen fiordo bat.
I.A: Niri jendea izan zen gehien harritu ninduena. Hara joan nintzenean izugarrizko beldurrarekin iritsi nintzen, integratuko ez nintzelakoan. Hala ere, denak nitaz kezkatu eta lagundu ninduten. Adibidez, pasilloetan galtzekotan, edonori galdetzea aski zen honek jatortasunez gelaraino laguntzeko, bere klase ordua galdu arren.
Intza, zu ez zara gugandik Nora bezainbeste urrundu, baina ziur biok nabaritu duzuela desberdintasun handia ohituretan eta kulturan, ezta?
I.A.: Egia esan, musikari edo kulturari dagokionez, baditu euskal kulturarekin zenbait antzekotasun, baina jateko modua eta ordutegiak adibidez, oso desberdinak ziren.
N.D.: Intzak esan duenaren antzekoa da nire kasua, baina, aipagarria da han duten kultura, jatorri polinesiarrekoa, All Blacks-en dantzan ezagunean ikus daitekeen bezala, esaterako.
Zaila izan behar du lagunengandik eta familiagandik urruti egoteak. Nola sentitu zineten han egondako lehen egunetan, hangoek lagundu al zintuzteten?
I.A.: Hara joan aurretik, amona hil zitzaidan, hortaz eguna iritsi arte ez nekien ziur bertara joango nintzen. Behin han egonda, nahiko galduta sentitu nintzen, familiarekin egoteko unea zelako. Hala ere, familiak asko lagundu ninduen, eta etengabe galdetzen zidaten ea ondo nengoen.
Eta aurreko galdera alderantziz planteatuz, itzultzerakoan kosta egin al zitzaizuen zuen hemengo kideen erritmora egokitzea?
N.D.: Hasieran, galduta sentitzen nintzen ez nekielako nire betiko gelakideak zertan ari ziren, baina, gero, nire irakasle eta lagunen laguntzarekin martxa hartu nuen.
Eta amaitzeko, esperientzia behin bizi izan duzuela, merezi izan duela uste al duzue?
I.A.: Asko gomendatzen dut esperientzia, ingelesa lantzeaz gain, gauza ugari ikasten dituzulako bizitzaz.
N.D.: Bai, arrazoia du Intzak. Esperientzia bikaina da bidaiatzeko eta kultura desberdinak ezagutzeko. Eta edonori gomendatuko nioke aukerarik izanez gero.