Erreleboa falta da establezimenduek zabalik irauteko
Groseko Soliño alfonbra eta estalki denda Aste Santuaren atarian itxiko dute. Jose Antonio Soliño jabeak jubilatzea erabaki du, eta negozioari ez dio jarraipenik emango.
Donostiako merkatarien eta ostalarien establezimenduen mapa aurki eguneratu beharko dute. Azkenaldian askok itxi dituzte ateak arrazoi desberdinak tarteko. Batzuk, alokairuaren gorakada jasanezinagatik desagertu dira, eta beste batzuk merezitako atsedena hartzeko. 14 urterekin lanean hasi ondoren, 76 urterekin hartuko du erretreta Jose Antonio Soliño tapizatzaileak. 1963an ireki zuen Soliño enpresa. Tapizeria zerbitzuak eskaintzen hasi, eta altzarien zein alfonbren salmentarekin hazi ziren.
Groseko Secundino Esnaola kaleko dendan letra larriz irakur daiteke ixtera doazela, eta aukera aprobetxatu nahi duenak beherapen interesgarriak topatuko ditu. Apirilaren 17an itxiko dute denda, Astea Santuaren aurretik. 23an hustuko dituzte lokalak hurrengo bezeroari lekua egiteko. Izan ere, Soliñok beste sektore bateko enpresa bati alokatu dizkio. «Uztea erabaki dut, eta erabaki bat hartzen dudanean bete egiten dut. Urte asko daramatzat lanean, gehiegi, eta argi daukat unea iritsi dela», azpimarratu du Soliñok.
Azken egunetan batera eta bestera dabil, berezkoa duen izaera geldiezinarekin. Falta diren enkarguak bideratzen ari da, eta dendara sartzen diren bezero guztiei harrera berezitua egingo die denda itxi bitarte. «Hemendik aurrera bizitza beste era batera antolatu nahi dut. Hondartzara gehiagotan joan ahal izango naiz; paseatzera eta bainu bat hartzera. Ez dago dirurik hori ordainduko duenik».
50 urteko esperientzia
Autoak eta kamioiak tapizatzen hasi zen, eta hortik sortu zitzaion aukera tapizeria tailer bat irekitzeko. 1965ean Daniel anaiak bat egin zuen berarekin esku bat botatzeko tapizatzaile gisara. «Ezkontzera nindoala etxean moketa jarri nuen, eta konturatu nintzen etorkizuneko negozioa zela. Tapizatzen ez ezik, moketa zein estalkiak ere jartzen hasi ginen», gogoratu du Soliñok.
Azkenik, 1969an Alfonso anaia zaharrena batu zitzaien eta hiru anaiek familiako negozioa sendotu zuten. «Urte hartan ireki genuen Trintxerpeko altzarien denda eta erakusketa. Apirilaren 26an izan zen inaugurazioa. Oso gogoan dut egun hartan jaio zelako Idoia nire lehen alaba», nabarmendu du Soliñok, irribarre batekin.
Trintxerpeko Azkuene kaleko 200 metro koadroko denda mantendu, eta Donostian beste bat zabaldu zuten Nafarroa hiribidean. Han kokatu zuten tapizeria tailerra, eta pixkanaka dekorazioaren sektorean bidea egin zuten. Ondoren, Karkizano kalean jarri zuten altzarien saltokia –duela gutxi itxi dutena–, eta Secundino Esnaolako alfonbra eta estalkien denda. «Guretzako oso garrantzitsua izan zen Maria Cristina hoteleko gela eta korridoreak dekoratzea. Garai hartako alkateak, Ramon Labaienek, aukeratu zituen materialak eta koloreak», esan du du Soliñok.
Banketxe, aseguru etxe eta bestelako sektoreentzako lanak egiten hasi ziren, eta horrela lortu zuten negozioa Euskal Herria osora zabaltzea. Dena dela, bezero partikularrak dira Soliñok gehien estimatzen dituenak. Hau da, dendara hurbildu eta berarekin hitz egiten dutenak. «Hori da gure berezitasuna. Multinazionalek ezin dute saldu gure arreta pertsonalizatua. Ez gara saltzaile hutsak». Hain zuzen ere, zerbait gehiago eskaintzen dute Soliño gisako dendek. «Tristea da familia negozioak desagertzea. Nik uztea erabaki dut, baina gure sektorean profesionalak daude oraindik».
Hiria zahartzen ari den erritmo berean ixten ari dira dendak. Groseko Soliño denda adibide bat baino ez da. Erdialdeko Apres La Pluie kapela dendaren pertsiana duela egun gutxi jaitsi zuen Isabel Gaztelumendik. Ategorrietako Iturritxo jatetxea apirilaren 30ean itxiko dute. Dena dela, Parte Zaharreko Barandiaren kafetegiaren kasua izan da entzutetsuena. 70 urtez Bulebarreko txoko historikoa izan denak martxoa hasieran itxi zituen ateak.