Sudur Krosak hamar urte beteko ditu larunbatean
Korrika egin edo ez, denentzat atsegina den giroa sortzen du urtero Donostiako Piraten Sudur Krosak. Aurten 10. urtez antolatu dute lasterketa, eta bihar Egiako parkera joateko gonbita luzatu diete herritarrei. Maddi Eguren krosaren antolakuntzan aritu da lanean.
Tamaina guztietako sudurrak daude deituta larunbateko lasterketan parte hartzera. Izan ere, urteroko moduan, Donostiako Piratek antolaturiko proba herrikoia bi lasterketatan egongo da banatua. Lehena, 16:00etan abiatuko dena, haurrentzako Sudur Txikia izango da, eta 0 eta 12 urte bitarteko sudurdunek parte hartu ahal izango dute bertan, hainbat adin txandatan banaturik. Ondoren, 17:00etan, helduen Sudur Krosak hartuko du Egiako parkea, sudurrak sei kilometroko ibilbidean zehar izerditzeko.
Maddi Eguren Donostiako Piratetako kideak azaldu du krosaren antolakuntzan gogotsu aritu direla lanean: “Aurtengo lasterketa berezia izango da, larunbatean Sudur Krosak hamar urte beteko dituelako”. Hori dela eta, proba ostean egin ohi duten zozketan sari bereziak banatuko dituztela gaineratu du Egurenek.
Bere ustetan, lasterketaren inguruan sortzen den giroa da kros herrikoi honen ezaugarririk ederrena: “Korrika ez egin arren, parkean arratsalde polit bat pasatzeko aukera bikaina izaten da”. Hain zuzen, irabaztea baino, garrantzitsuena ondo pasatzea dela erakutsi nahi diete haurrei lasterketaren bidez, eta ibilbidea elkarrekin egiten laguntzen diete horretarako.
Euren jarduna hiriko beste auzoetara zabaltzeko asmoz hartu zuten piratek Egiako Sudur Krosa antolatzeko ardura. Bere sorreratik eta 2015era bitarte, Egiako Porrontxoetako jai batzordeak antolatu zuen lasterketa, eta antolakuntzaren lekukoa esku onetan utzi zuenez, Sudur Krosaren arrakasta urtez urte mantendu da.
Biharko lasterketako izen ematea zabalik dago oraindik, eta zazpi euroren truke egin daiteke herrikrosa.eus webgunean. Probaren egunean ere dortsala eskuratzeko aukera egongo da, baina bere prezioa hamahiru eurokoa izango da. Txikien lasterketari dagokionez, izen emateak hiru euroko prezioa dauka, eta Egiako Kata tabernan, Groseko Pandoran eta Parte Zaharreko Aurreskun egin daiteke.
Lasterketen ostean, herritar guztientzako luntxa egingo dute, eta parte-hartzaile guztien arteko sari banaketari ekingo diote. Musika eta janaririk faltako ez denez, Egiako parkera ez etortzeko aitzakiarik ez dagoela nabarmendu du Egurenek: “Larunbat arratsalde baterako plan ezin hobea izango da”.