Elkarretaratzea egin dute Alderdi Ederren presoen etxeratzea eskatzeko
Sare Herritarrak deituta, elkarretaratzea egin dute Alderdi Ederren hamarnaka herritarrek, presoen etxeratzea aldarrikatu eta Donostiako Udalari ardurak eskatzeko. 24 dira urrunduak dauden preso donostiarrak, eta aulki batzuetan jarritako kartelen bitartez irudikatu dituzte. Donostiako presoen inguruko datuak jakinarazi bitartean, aulki guztiak batu dituzte, preso horien etxeratzea sinbolizatzeko.
Labur esanda, 24 dira preso donostiarrak, eta horietatik bakarra da emakumea. Preso gaixo larri bat aurkitzen da horien artean, eta denak 190-1050 kilometro artean daude urrunduta. Horietatik zortzi motxiladun umeen guraso dira, zigor batuketa aplikatzen ez zaien zazpi kasu daude, bi dira 60 urtetik gorakoak, bost daude bigarren graduan eta gainerako hemeretziak lehenengo graduan.
2018ko irailean urrunketa politiken inguruan Donostiako Udalak adierazpen instituzional bat onartu zuen EAJ, PSE-EE, EH Bildu eta Irabazi Donostiaren babesarekin. Adierazpenak honakoa zioen: “Lege Orokorrean askatasuna kentzeko zigorrak betetzean deserrotzea saihesteko ezarritakoa kontuan izanik, zigor horiek bergizarteratze printzipioen arabera, Donostiako Udalak adierazten du ez dagoela ados urruntze espetxe politikarekin. Alde horretatik, ETAren indarkeriaren behin betiko etenak irekitako garai berriaren barruan, uste du espetxe-politika berri bat behar dela, hain zuzen ere presoak zigorrak gizarte eta familia-erroak dituen lekutik urrun betetzea saihesten duen politika bat, zeinak erraztuko baitu bere senideekin harremana izatea, bere seme-alaba adingabeen ongizatera begira eta horiek gurasoekin egoteko duten eskubideen alde”.
Agerraldian parte hartu duten herritarrek adierazpenarekiko atxikimendua adierazi dute, eta azaldu dute asko izan direla horrekin bat egin duten herritarrak. Besteak beste, elkarte gastronomikoak, emakume-taldeak, langile-batzordeak, aisialdi-taldeak, jai-batzordeak, ikastetxeetako guraso-taldeak, Elizako taldeak eta auzo elkarteak. Era berean, udalari “ahal duen guztia egin dezala” eskatu diote. “Elkarlanean jardun behar dugu guztiok, desberdinok batu eta bizikidetza bat lortzeko bidean, korapilo hau askatu behar dugu elkarrekin”, esan dute.
Urrunduak dauden presoek ez ezik, senide eta lagunek ere urrunketaren ondorioak sufritzen dituztela baieztatu dute. Azken hilabeteetan “mugimendu batzuk” izan direla onartu dute, izan ere, preso batzuk hurbildu dituzte, baina gaineratu dute ez dela nahikoa. Agerraldian parte hartu duten herritarrek norbanako eta eragile gehiagoren atxikitzea lortzeko konpromisoa hartu dute, eta “denon artean Donostiako euskal presoak etxean egon daitezen adierazpenari babes zabalena lortzea” ezarri dute helburu gisa.