Korrika Txikiarekin hasi da girotzen Intxaurrondo 21. Korrikarako
Ostegunean abiatu zen 21. Korrika Garesen, eta dagoeneko kilometro ugari egin ditu Euskal Herrian zehar. Korrika Txikiekin hasi da girotzen Donostia Korrikarako, eta atzo, apirilaren 5ean, ume andana atera zen bidera Intxaurrondon. Euskararen alde korrika egitera atera ziren kalera Intxaurrondo Ikastolako, Intxaurrondo Hegoa ikastolako, Salesiarrak Ikastetxeko eta Asuncion Ikastetxeko haur eta irakasle ugari. Ikastetxe bakoitzekoek kolore bateko kamiseta jantzi zuten soinean.
Intxaurrondo Ikastolakoak buru-belarri dabiltza 50. urteurreneko ospakizunetan, eta horregatik, Korrika Txikiak han izan zuen irteera, 11:00etan. Aurretik, dantzan ibili ziren parte hartzaileak, eta suziriak bota zituzten. Intxaurrondo Ikastolatik Sagastieder pasealekuraino egin zuten ibilbidea, eta tartean, eskolaz eskola pasa zioten elkarri lekukoa. Han, Korrika Txikiari amaiera emateko, dantzak eta kalejirak egin zituzten denek batera.