Antso Jakitunaren hiribideko hainbat bizilagunek kexa bat aurkeztu dute udalean
Donostia Sustapenak iazko uztailean iragarri zuen Antso Jakitunaren hiribideko atari bakoitien espailoia egokituko zuela. Hiriko hirugarren Smart Kalea izango zela adierazi zuen Ernesto Gasco alkateordeak. Orduan aurkeztu zuten infografiak zalantza asko sortu ditu atari bakoitietako bizilagunen artean. Hori dela eta, Amara Berri Auzo Elkartearen bidez kexa bat bidali diote Sustapena sailari.
Duela hilabete bat hiribideko hainbat bizilagun auzo elkartearekin harremanetan jarri ziren. Antso Jakitunaren hiribideko proiektuaren inguruan informaziorik ez dutela adierazi zieten. Era berean, proiektuaren infografia ikusita kezka eta zalantza batzuk zituztela azaldu zieten. Esaterako, hiribidean dauden bi gaztainondoetako bat ez da ageri eta dauden palmondoekin zer gertatuko den jakin nahi dute.
Espaloiaren egokitzapenari dagokionez, zalantza ugari dituzte. Udalak jakinarazi duenez, hiribidea berrantolatzeko arrazoietako bat garajeek dituzten hezetasun arazoekin du lotura. Garaje horiek espaloiko parterreetan dituzte aireztatze sareak, eta parterreak kentzerakoan horiekin zer gertatuko den jakin nahi dute. Horrekin batera, espaloia zabaltzen badute eremuaren erabilera nolakoa izango den jakin nahi dute bizilagunek. Infografian terraza ugari ikus daitezke, eta ostalarien interesak lehenetsi dituztela ematen du.
Kontsulta
Amara Berri Auzo Elkartearekin bildu ostean, duela bi aste kontsulta bat egin zuten Antso Jakitunaren hiribideko atari bakoitietan. Bizilagunei galdetu zieten ea hiribideko proiektua babesten zuten edo ez. Atari gehienek parte hartu zuten galdeketan, hiru batek izan ezik. Kontsultaren oharra jarri orduko kendu zuten ataritik. Emaitzari dagokionez, parte hartzaileen %75a kontra agertu zen, eta %25 alde. Kontra dauden gehienak informazio faltagatik ez dute nahi proiektua aurrera eramatea.
Bestalde, bizilagun batzuk haserre daude hedabide bat argitaratutako informazio batekin. Udalak bizilagunei galdeketa bat egin ziela zioen albisteak, eta bizilagunek diote hori ez dela horrela.