Añorgako ibilbidea berritzeko bigarren fasea onartu du udalak
Añorgako ibilbidea bulebar bihurtzeko proiektua 2020erako bukatuta egotea aurreikusten du Donostiako Udalak. Gaur onartu dute ibilbidea berritzeko bigarren fasea. Proiektua Kmzero Ingeniaritzak idatzi du eta 551.319 eurokoa da aurrekontua. Helburua, berriz, GI-21 errepidea eta Rekaldeko biribilgunea eraiki eta berrantolatzea da. Lanekin udazkenean hastea aurreikusten du udalak.
Lehen fasea Añorga Txiki eta Lore Tokiko biribilguneen artean egin zuten. Bigarrenarekin luzatuko dute orain. Hain zuzen ere, Lasarte-Oriarekin lotura egingo duen oinezkoentzako zein bizikletentzako gunea sortuko dute. Ibilgailuen trafikoa nabarmen murriztuko dute, eta norabide bakoitzeko bide bat egongo da. Ondorioz, espaloia zabalduko da eta, bertan, bidegorria jarriko da.