Eneko Goia: "Obrak egiteko ordutegiaren xehetasunak ez ditut ezagutzen"
Topoaren igarobidearen lanak gauez etengo zirela iragarri zuen atzo alkateak. Ordea, hainbat bizilagun kexatu dira udal ordenantzak dioena bete ez dutelako.

Euskal Trenbide Sarea ez da zaraten udal ordenantza betetzen ari. Eneko Goia alkateak atzo adierazi zuen Topoaren igarobidearen lanak gauez egiteari utziko ziotela. Azken egunetan ETSrekin hitz egin ostean, hori jakinarazi ziotela berretsi du gaur, Tokiko Gobernu Batzordearen osteko prentsaurrekoan. “Antiguako zatiko ordutegien programazio berdina erabiliko zutela esan zidaten”.
Iragarritakoa ez da bete. Mirakontxa-Easo eta Easo-Lugaritz zatien eremuan bizi diren hainbat bizilagun kexatu dira zaratengatik. Bart lanak 23:00etan eten zituztela salatu dute hainbatek, eta gaur, 7:45ean hasi dituztela. “Obrak egiteko ordutegiaren xehetasunak ez ditut ezagutzen”, azaldu du Goiak. Dena dela, ordutegiak berrantolatu direla gaineratu du. “Bizilagunek Topogunea dute beraien kexak aurkezteko”.
Zaraten inguruko udal ordenantzaren arabera, 8:00ak eta 22:00ak bitartean egin daitezke obrak. Salbuespen bakarra da “baimen berezi” bat egotea horretarako. Udalak eta ETS-ek ez dute baieztatu horrelakorik eman denik. Bizilagunek batzarra egingo dute gaur arratsaldean.