Azken urtean Donostiako BPGa hazi dela nabarmendu du udalak
Donostiako Udalak azken lau urteen balorazio ekonomikoa egin du. Bereziki, 2018ko DonostiaUP! planari esker, hiriko Barne Produktu Gordina (BPG) %3,8 hazi dela azpimarratu dute. Aldiz, iazko urte bukaeran langabezia-tasa %8,7koa izan zela gaineratu dute.
Ernesto Gasco alkateordeak azken lau urteetako datuak nabarmendu ditu. “Planari esker 4.150 enplegu eta 1.057 enpresa berri sortzea lortu da, ekonomia sustatzeko abian jarritako programa ezberdinetarako guztira 30 milioi eurotik gora egindako inbertsioarekin. Funtsezko ardatza hauek izan dira: pertsonak, berrikuntza, talentua eta hiriko smart garapena”.
Legealdia bukatzear denean, egungo udal gobernuak egindako ahaleginak “datu oso positiboak” utzi dituela esan du Gascok. “Aurreko ekitaldiko adierazleei eta azken lau urteetan enpleguan, ekintzailetzan, enpresetan, berrikuntzan eta talentuan pilatutakoei gehitu behar zaie hiriak izandako bilakaera sozio-ekonomikoa, erregistro historikoak izan baititu enpleguaren nahiz BPGaren hazkundearen aldetik”.