21. Korrikak hiriko trafikoan hainbat aldaketa eragingo ditu
21. Korrika apirilaren 12an, ostiralean, igaroko da hiritik, eta horrek hainbat trafiko aldaketa eragingo ditu hirian. Aurreikusitako etenak direla eta, Udalak garraio publikoa erabiltzea gomendatu du.
Korrika Errekalde auzotik 16:28ak aldera sartzea estimatua dago, eta 42 kilometroko ibilbidea egin ondoren, Pasaiatik irtengo da. Hiria ez da guztiz itxita egongo. Korrika Donostiako kaleetatik pasa ahala, errepideak trafikora irekitzen joango dira pixkanaka. Udalak aurreikusitakoaren arabera, 21:30 aldera berreskuratuko du normaltasuna trafikoak.
Ibilbidea Errekalden hasi eta auzo hauek eta hurrenkera honetan zeharkatuko ditu: Antigua, Erdialdea, Gros, Parte Zaharra, Zentroa, Amara, Erribera, Loiola-Martutene, Egia, Intxaurrondo, Larratxo-Altza eta Bidebieta. Antiguatik pasatzerakoan, 16:35 aldera, Matia kalea, Ondarbide eta Benta Berri dagoen zatia, trafikoarentzat itxiko dira, 20:00ak arte.
Apirilaren 12an pasako da @korrika Donostiatik, eta @DonostiakoAEK -k zehaztu du dagoeneko ibilbidea kalez kale#Korrika21 #KlikaKorrikahttps://t.co/eCT8K7C81M
— Irutxuloko Hitza (@irutxulo) April 1, 2019
Autobusetan aldaketak
Era berean, Dbuseko 5-Benta Berri eta 38-Trintxerpe-Altza-Molinao lineetan aldaketak egongo dira.
- 5-Benta Berri linea: 17:00etatik 20:30era gutxi gorabehera, 5-Benta Berri linearen autobusak ez dira joango Matia kaletik. Autobusak Zumalakarregi Hiribidetik joango dira Europa Plazaraino, eta Elias Salaberria kalera bira egingo dute bere ohiko ibilbidea berreskuratzeko Zarautz Hiribidetik aurrera. Beraz, Matia, Benta Berri eta Resurreccion Maria de Azkue geltokiak zerbitzurik gabe geratuko dira, eta Zumalakarregi eta Tolosa Hiribideetara lekualdatuko dira.
- 38-Trintxerpe-Altza-Molinao linea: 15:00etatik zerbitzua bukatu arte, 38-Trintxerpe-Altza-Molinao linea ez da Euskadi Etorbidetik joango. San Pedrorantz, mikrobusa Portuko pabiloietatik joango da eta geldialdia egingo du Euskadi Etorbidera berriro irtetean (behin-behineko postea). Geltoki hauek kenduko dira: Euskadi Etorbidea 5 eta Euskadi Etorbidea-Azoka, eta behin-behineko postean egingo du geldialdia.