Hiriko merkataritza bultzatzeko hitzarmena sinatu du udalak

Donostiako Udalak eta San Sebastian Shops plataformak akordioa sinatu dute hiriko merkataritza bultzatzeko eta ikusgarritasuna emateko. “Hiriko saltokietan erreminta digitalak jartzea da helburua, negozio aukera berriak sortzen laguntzeko”, azaldu du Ernesto Gasco alkateordeak.
Gipuzkoako Merkataritza Federazioak eta Zaharrean, Centro Erdi, Bretxa merkatua, Auzo Berri eta San Martin Zentro Komertziala merkatarien elkarteek osatzen dute plataforma. Akordioa iraunkortasun eta berrikuntza irizpideetan oinarrituriko programen eta proiektuen barruan sartzen da. Horien bidez, laguntza ematen zaie tokian tokiko saltokiei aldaketa digitalaren prozesuan.
Lanen eragina jasaten ari diren establezimenduei laguntzako emango dizkie udalak. “Obrak direla eta, lokaletara sartzeko zailtasunak izaten ari diren dendei, tabernei edo jatetxeei lagunduko diegu, OHZn %50eko hobariarekin edo uraren eta zaborren ordainagiriak ordainduta; laguntza gehienez 500 eurokoa izango da”, esan du Gascok.
Bestalde, Merkataritza Bonua izeneko programa berri bat iragarri dute. Horren bidez, hiriko tokiko merkataritzan erosketak egiten dituen bezeroak puntuak lortuko ditu, eta hirian egingo diren kultur zein kirol ekitaldietarako sarrerekin trukatu ahal izango ditu.