Erortzeko arriskuan dago zubiari izena ematen dion baserria
Urumea ibaiaren bi aldeetan ari dira lanean Astiñeneko zubi berria eraikitzeko. Zubi ondoko baserriaren egitura egoera txarrean dago, eta auzotarrak kezkatuta daude.
Astiñeneko zubi berria eraikitzeko obra aurrera doa. Urumea ibaiaren bi aldeetan ari dira lanean makinak. Lehenik Loiolako Erriberako aldean hasi ziren lurrak mugitzen. Aldiz, aste honetan Egiako lursaila egokitzen hasi dira makinak. Han zeuden belardi eta zuhaiztiak kendu dituzte. Donostiako Udalak 2020an erabili ahal izango dela aurreikusten du. Orduan botako dute zubi zaharra, behin-behinean konpondu zena.
Zubiaren alboan dago Astiñene baserria, eta egoera txarrean dagoela ohartarazi du Egia Bizirik auzo elkarteak. Udalarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin jarri dira harremanetan arriskuaren berri emateko. Ordea, baserriaren eskumena zeinena den ez dute argi bi erakunde publikoek. Udaleko Partaidetza sailak adierazi zion auzo elkarteari aldundia arduratzen dela Gipuzkoako baserrien babesaz. Aldundiko Kultura eta Ondare sailak, berriz, uste du udalaren eskumena dela baserria, eta hori adierazi diote auzo elkarteari. Aurreko legealdian udal gobernuak eraikinari C babes neurria –kanpo egitura mantentzea– jarri zion, eta beraz, udalari dagokio baserria babestea.
Asteartean, Tokiko Gobernu Batzordearen prentsaurrekoan, Irutxuloko Hitzak Eneko Goia alkateari baserriaren inguruan galdetu zion. Alkateak aitortu zuen ez zekiela baserriaren eskumena zeinena zen. Horrela ere, auzo elkartearen kezkaren berri izan orduko udaletik egoera aztertuko dutela adierazi zuen. Astiñeneko zubi berria eraikitzen ari direnez, lurren mugimenduak baserriari ere eragin diezaioke.
Ezbeharrik egon ez dadin
Astiñene baserriaren inguruko kezka ez da berria. Dena dela, azkenaldian baserri barruan pertsonak ibiltzen direla jakin dute auzotarrek. Horrek kezka areagotu du, eraikina erortzeko arriskuan dagoelako. Auzo elkarteak ez du ezbeharrik gertatzerik nahi, eta horretarako mugitzen hasi dira. Baserria babestea eta neurriak hartzea ezinbestekoa dela uste dute. Orain, udalaren erantzunaren zain daude.
Aurreko udal gobernua baserria erosten saiatu zen, baina ez zuen gainerako udal taldeen babesa jaso. «Ibai ondoan dauden baserri gutxi geratzen dira hirian, eta Astiñene horietako bat da. Zutik mantentzeko bi neurri jarri genituen abian. Batetik, Hiriko Ondare Eraikia Babesteko Plan Berezian sartu genuen, eta bestetik, jabeekin harremanetan jarri ginen erosteko», azaldu du Ricardo Burutaran EH Bilduko zinegotziak. Aurreko legealdian Hirigintza zinegotzia izan zen, eta azken unera arte baserria eskuratzen ahalegindu zirela azpimarratu du.
Une honetan, Astiñene baserria auzibide batean dagoela dio Burutaranek, eta beraz, afera juridikoa konpondu bitartean baserriaren egoerak okerrera egiten jarraitzen duela esan du. «Egokiena litzateke jabeekin akordio batera iritsi eta baserria zutik irauteko lan batzuk egitea. Hobekuntza batzuk egin behar zaizkio jausi ez dadin». Nolanahi ere, baserria behar bezala babesteko erabaki egokiena udalak eraikina erostea dela uste du.
Egungo udal gobernuak ez du baserriaren inguruko erabakirik hartzeko asmorik legealdia bukatu bitarte. «Une honetan zubi berria eraikitzen ari gara, eta baserria ez dugu ukituko», adierazi du Enrique Ramos Hirigintza zinegotziak. Hain zuzen ere, zubi berria eraikitzea da udalaren lehentasuna.
Astiñeneko zubi berriaren lanek 3,2 milioi euroko kostua izango dute. Zubiak ez du zutaberik izango ibaian, eta uraren bidea hobetuko da uholdeak saihesteko. Bihurgune formakoa izango da, bi norabideko errepidea izango du eta bidegorria.